Denok kabitzen garen feminismotik egingo dugu ala ez dugu egingo
Aurten manifestazioan berriro ere emozionatu egin naiz. Distantziak eta ilarak desegin, eta beste behin nahastu egin ginen Gora borroka feminista! elkarrekin gogor oihukatzeko.
Borroka eguna. Borroka eguna da martxoaren 8a, urteko gainontzeko egunak ere feministontzat badiren bezala. Elkarrekin eta bakoitza bere txikitik. Indarkeria, murrizketak, erailketak, esplotazioa, gerrak… eta hau dena interes geopolitiko eta diruzaleak mugitzen duen mundu zatar honetan, bizitza defendatzen dugunok erresistentzia gara. Eta horixe da defendatzen eta borrokatzen jarraituko duguna: bizitza bizigarriak denontzat. Zisheteronormatibitate-kapitalista-arrazista-kolonialista-kapazitista honetatik at bizi nahi dugu, komunitatean pentsatu, bestelako zaintza sareak osatu, harremanen ulerkera birpentsatu, bazterretako gorputzak erdigunera ekarri.
Eta hain zuzen horri helduta ekin genion ere #LHEErregularizazioa (#ILPRegularizacionYa) kanpainaren aldeko sinadura bilketari manifestazioaren bukaeran. Legegintzako herri-ekimena da hau eta 500.000 sinadura biltzea du helburu. Feministon auzi garrantzitsua ere izan behar duelako bizitza asko urratzen dituen Atzerritartasun Legea behingoz indargabetzea.
Indarra. Kaleak bete genituen martxoaren 8an eta indarrez egin genuen berriz ere. Krisi egoera honek beldurra eta errepresioaren politikak indartu dituen arren, disidentzian kokatzen gaituztenok eta garenok bestelako bizitza ereduen alde borrokatzen jarraitzen dugula erakutsi genuen.
Indarra, 2018 eta 2019ko greba feministen ondorena ez delako erronka erraza izan mugimendu feministan. Urte horietako antolakuntzarako gaitasuna berreskuratzea zaila izango da, eta horregatik egin genuen antolakuntzarako deia. Eta egiten jarraituko dugu. Gure garra delako. Elkarrekin indartsuagoak garelako. Denok. Denok kabitzen garen feminismotik egingo dugulako ala ez dugulako egingo.
Pozarren entzun ditut kideon oihuak, pozarren lehen ilarak hartu zituzten gazte horien irribarre indartsuak, mundua jaten zuten. Pozarren atzerago zeuden emakumeen etxe handiago bat lortzeko eskaerak, eta haien ondoren zetozen pentsionisten aldarrikapenak, eta abar luze bat. Pozarren koloretako banderak eta gorputz eta bizitza guztiak barne hartzen dituen feminismo baten aldarrikapen sutsua ahots ugaritan.
Lerro hauek idaztean irudiak datozkit burura berriro ere, eta malkoak begien puntetara. Emozionantea egiten zait elkarrekin egiteko gai garena, sakon arnastu eta bularra bete egiten dit. Nik argi dut, eta nire kideak ere argi ikusten ditut. Beraz, zuok ere argi izan: hiltzen gaituen sistema hau kiskaldu arte su ematen jarraituko dugu, bizitzek merezi dutelako, eta borrokak ere bai.