Denon bizitzak erdigunean
Martxoaren 8a ate joka dugun honetan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak dagoeneko mahai gainean jarri digu zein izango den aurtengo aldarrikapen nagusia: Denon bizitzak erdigunean, feminismoa da alternatiba! Revolucionar los cuidados para cambiarlo todo. Baina nolakoa izango litzateke denon bizitzak erdigunean dituen Donostia? Nolakoa izango litzateke zaintzen duen hiria?
Sinpleki azaldurik horrelako zerbait izango litzateke: zaintzen gaituen hiria, gure ingurua zainduko duena, geure burua zaintzen utziko diguna eta beste pertsonak zaintzeko aukera emango diguna.
Hau, ordea, ezin dugu gurutzatzen gaituen sistema heteropatriarkal kapitalista eta koloniala bereizirik ulertu, geure hiriaren erdigunean zaintza kokatzeak, zuzenean honen kontra egitea dakar, jendarte-antolamendua aldaraztea dakar.
Zaintza, zaintza eta zaintza. Baina zer da zaintza? Bizitzak Erdigunean koordinakundeak 2022an Gasteizen egindako jardunaldietan honela ulertu zuten labur: Zaintza bizimodu duina edukitzeko oinarria da: ez da unean uneko zerbait edo alderdi koiuntural bat. Zaintza bizitzako une eta eremu guztietan da beharrezkoa. Eta euren ustetan egun zaintza erabat familiarizatuta dago, geroz eta merkantilizatuago, erabat feminizatua, eta gero eta arrazializatuago dago.
Beraz, inguruari erreparatzea eta geure buruei galdera ugari egitea egokitzen zaigu: nork egiten ditu zaintza lanak? Noiz? Zein balditzetan? Zergatik? Ordaintzen da? Duina da? Profesionala da? Norengan uzten da erantzukizuna? Zeinek ihes egiten dio bere erantzukizunari? Denok dugu sarbidea? Publikoa da? Diru-sarrerak baldintzatzen du? Noiz externalizatzen da? Zein egoeretan? Norengan erortzen da? Zer egiteko prest gaude, eta zertarako ez?
Galdera hauek guztiak erantzuten gabiltzan bitartean, hau da mahai-gaineraturiko proposamena: zaintza-sistema publiko komunitarioa. Publikoa izateak zaintzarako eskubidea bermatuko duelako, baina honetarako unibertsala eta bidezkoa izan behar du; gainera, merkantilizatu gabeko publikoa izan behar du. Eta komunitarioa bizitza komunaren logikan zaintza eskubide eta erantzukizun kolektibo gisa ulertu behar dugulako.
Noski, begi-bistakoa da geure hirian hau guztia aurrera eraman nahi badugu asko eta asko direla egin beharreko aldaketak, komunitario zein instituzionalak. Bidea dago egiteko baina dagoeneko hasi gara, aurtengo Martxoaren 8a izango da lehenengo geldialdia, pixkanaka etorriko dira gainontzekoak. Baina horretarako badakizu, Martxoaren 8an 18:30etan Antiguako tunelean ikusiko dugu elkar, Donostiako Asanblada Feministak egingo duen mobilizazioan parte hartzen dugun bitartean.