Diagnostiko bat izateko eskubidea
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, gizarteko batez besteko koefiziente intelektuala 85-115 puntuen artean kokatzen da; desgaitasun intelektuala duten pertsonena, berriz, 70etik behera. Mugako Gaitasun Intelektuala (MGI) duten pertsonen koefiziente intelektualaren puntuazioa 70-85 puntuen artean kokatzen da, eta normal-baxutzat kontsideratzen da. Koefiziente intelektuala 70-85 puntuen artean izateak pertsona batek jarduerak modu autonomoan garatzeko zailtasunak izatea eragiten du; alabaina, bizitza osoan zehar zenbait laguntza jasoz arazorik gabe gainditu ditzakete zailtasun horiek. Bestetik, MGIa dutenek oso talde heterogeneoa osatzen dute, izan ere, ez dute ezaugarri fisiko nabarmenik, eta pertsona bakoitzak arlo ezberdinetan azaleratzen ditu bere mugak.
MGIaren diagnostikoa lortzeko hainbat proba egin behar dira. Batetik, psikologo batek eginiko koefiziente intelektuala neurtzen duen proba objektiboa dago; bestetik, txosten soziala, non pertsonak egokitzeko gaitasunean gabezia duela baieztatzen den. Defizit hori 18 urte bete aurretik azaleratu behar da, gutxienez arlo hauetako bitan: trebetasun akademikoak, enplegua, zainketa pertsonala, etxeko bizitza, trebetasun sozialak eta pertsonen artekoak, baliabide komunitarioen erabilera, emozioen kudeaketa, aisialdia, osasuna eta segurtasuna, diruaren kudeaketa eta administrazioa eta helduaroari dagozkion erantzukizunak hartzea.
Horrela, pertsona hauek beste traba batekin egiten dute topo: proba objektibo horiek pasatzeko ez baitago zerbitzu publikorik, ondorioz, zerbitzu pribatu batera jo behar izaten dute adinez nagusiak direnean. Ez dago prestazio ekonomikorik kostu horri aurre egiten lagunduko diena, eta pertsona guztiek ez dute horretarako ahalmen ekonomiko nahikorik.
MGIa duten pertsonek arrisku handia izaten dute gizarte bazterkeria pairatzeko, izan ere, diagnostiko bat ez izateak laguntza beharrak ez aitortzea eta ez bermatzea du ondoriotzat, eta, ondorioz, zaurgarritasun egoera ikusezin batean bizi dira. Egun, laguntza behar horiek jasotzeko dagoen bide bakarra desgaitasunaren ziurtagiria lortzea da, nahiz eta MGIa ez izan desgaitasun intelektuala.
Ortzadar elkartetik, besteak beste, pertsona guztiok zerbitzu publiko batetik diagnostiko bat izateko dugun eskubidea aldarrikatu nahi dugu, hura gabe ez baitira MGIa duten pertsonen laguntza beharrak aitortzen, eta, ondorioz, bizitza duin bat izateko eskubidea ukatzen ari zaie egun. Ortzadarretik, MGIa duten pertsonei zaurgarritasun egoerei erantzuten laguntzen diegu pertsonen bizi kalitatearen alde lan eginez, egun ez baitago nahikoa estaldurarik sistema publikotik MGIa duten pertsonentzat.