Dinosauro bat hondartzan!
Pasealekutik begira nago. Hotza dago, hotz handia, eta hondartzan lau katu baino ez daude, edo, hobeto esan, lau txakur, beraien jabeekin. Itsasertzean, berriz, bada pertsona bat hondar tartetik hartutako zerbait esku-ahurrean duena, eta hura miatzen ari dena. Apustu egingo nuke bere buruari galdezka ari zaiola ea Galiziatik datozen pellet famatuetako bat aurkitu ote duen. Dena dela, pasealekutik, behintzat, hondartza garbi-garbi ikusten da. Esango nuke brigadakoak gaur goizean pasatu direla. Baina goazen ikustera, pentsatu dut, badaezpada.
Ia-ia jaitsi bezain pronto, ikusi dut hondarretik ateratzen beso ñimiño moduko bat, agurtu nahi banindu bezala edo laguntza eskatuko balu bezala. Oin puntarekin hondarra pixka bat harrotu eta hor agertu zait pieza osoa. Ez zen beso bat, hanka bat baizik, plastikozko dinosauro berde baten hanka. Zer espezietako dinosauroa? Ez dakit zehazten, baina belarjaleetakoa, seguru. Ño, pentsatu dut, galdu zuen haurrak disgustua hartuko zuen. Baina, zer egingo diogu? Besterik gabe, itsasertzerantz jarraitu dut…
Mareagorako lerroan ez dut pelletik antzeman. Plastiko zati txikiak, berriz, ugari, ia-ia nonahi. Hemen tapoi hori bat, hor izozki makiltxo urdina, han hondarrean kateatuta dagoen eta haizeak bandera pirata baten moduan dantzarazten duen poltsa izandako zerrenda beltz bat… Betikoa, alegia. Izan ere, Kantauri itsasoa plastikoz beteta dago, eta hori hondartzetan islatzen da, baita itxuraz garbi-garbi daudenean ere, gaur bezala. Are gehiago, AZTIk dioenez, plastikorako “kale itsu” gisa funtzionatzen du Bizkaiko golkoak, eta, leku batzuetan, plastikoak batzeko puntu beroa da, ia Mediterraneo edo beste barne-itsaso batzuen maila berean, gainera.
Nondik dator, baina, plastiko hori guztia? “Izan ere, plastikoena arazo globala da eta…”. Bai, bai, arazo globala da, baina “globaltasuna” aitzakia gisa erabiltzeko tentaldia saihesteko, hona hemen AZTIren erantzun argia: “Bizkaiko golkoan aurkitzen dugun zaborra, funtsean, Bizkaiko golkoan bertan bizi diren herritarrek sortua da, ez dator Txinatik”. Bestela esanda, Galiziako pelleten zain egon gabe ere, badugu nahikoa lan.
Pasealekura bueltan, zergatik ez dakidala, dinosauroa berriz ere ikusi nahi izan dut. Ez dut topatu, ordea. Bere lekuan, edo ez oso urruti behintzat, zakur baten kaka mokordo handi-handi bat ikusi dut. Izugarria, benetan, zakur batek baino gehiago elefante batek —edo dinosauro batek— egina dirudiena. Inguruan begiratu, ea zein izan daitekeen azañaren egilea, eta hara non topo egin dudan nire dinosauro berdea ahoan daraman txakur txiki batekin. Ez da posible, pentsatu dut, txakur txiki horrek ezin du inolaz ere zera izugarri horren jabe izan… Ezinezkoa da… Ezta pentsatu ere… Laster, ukapen fasetik onarpenera pasatu naiz, ordea. Azken batean, gizakia, espezie gisa, planeta osoa ez ezik espazioa bera ere guztiz kakazteko gauza izan da. Desproportzio izugarri horrekin konparatuta, txakurraren eta bere obramenduen artekoa hutsaren hurrengo da. Bai, bai, hutsaren hurrengo.
Txakurra dinosauroarekin aspertu eta hondar gainean utzi du, nagusiaren atzetik korrika alde egin baino lehen. Aprobetxatu dut dinosauroari argazki bat egiteko. Zertarako? Tira, istoriotxo hau ilustratzeko argazkiak ateratzen hasiz gero, kuriosoago dinosauroari mokordoari baino, ezta? Izan ere, istorio honi “Dinosauro bat hondartzan!” izenburua ipini ordez, “Mokordo bat hondartzan!” (edo “Plastikoa hondartzan!”) ipini izan banio, berdin-berdin irakurriko al zenuke?