Dinosauroez
Politikan sartua ez egonagatik ere, ziur, neure antzera, urduritasun eta ilusioz oheratu zela bat baino gehiago larunbatean. Igandeak 24 ordu baino gehiago izan zituela sentituko zuen norbaitek. Eta ez da harritzekoa; askoren antzera, neu ere bost minutuan behin egon nintzen Twitterra aktualizatzen. Gosaritan, irratia. Eta ordenagailua. Eta egunkaria. Gauza absurdoen zerrenda praktikara eraman nuela ohartzen naiz orain, baina momentuan, beharrezkoa neritzon. Jakin banekien arren gauzak aldatzekotan, gaua sartzearekin batera aldatuko zirela. Baina zer den ilusioa. Zer, urduritasuna… Une horietan (batez) ere, momentua bizi baino, geroan iltzatzen ditugu fokuak. Jakin badakigun arren, ziurrenik, esnatzean dinosauroak han jarraituko duela.
Eta bai. Esnatu ginen astelehenean, eta dinosauroak han jarraitzen zuen. Ez dakit inoiz baino handiago, baina handi. Bere hazkuntza prozesu etengabeko hartan, lodi. Anbiziotsu. Babes askorekin eta kristalezko sabairik gabe; behera begiratzeko behar handirik sentitu gabe eta lokatzetatik garbi ateratzeko kapaz. Dinosauro kontuak.
Harekin gosaltzeari izkin egin nahi, baina urrutira, hare dinosauro handiagoak ere bazebiltzala kontatu zigun irratiak hauteskunde biharamun hartan. Hemengoak baino zaharragoak adinean eta ohituretan. Eta ezinegona areagotu zitzaidan horietako batzuk gertu ditugula entzutean: arrasto nabariak utzi omen dituzte inguratzen gaituzten espainiar eta frantziar estatuetan. Eta horiek ere handituz doaz, lodituz, orroa ozenduz, babesa lortuz.
Aurpegia ur hotzez garbitu, begiak kliskatu eta atximur egin. Egunero. Baina gaur, eta bihar, eta etzi… dinosauroek hemen jarraituko dute eginahalak eginez euren territorioa markatzeko. Gutxinaka besteok irensteko. Eta aterako gaituzte geure onetik, geuk ere badakigulako haserretzen, ezinegonak kanporatzen. Eta egingo digute min, eta oihukatuko dugu. Baina hori dugu ona: kontziente gara dagoenaz, dinosauroak han ditugula. Baina kontziente gara ere badugula indarra, eta gu ere handituz goazela. Pauso txikitan eta lokaztuta, baina bagarela. Bagaudela.
Hauteskunde biharamunean, mehatxu eta poz txikiek hartuta naukatela ari naiz zutabea idazten. Eta politikaz idatzi nahi nuen, erabaki politikoz, baina oraingoan ere, kalanbrea. Dinosauroek ezkutatzen dituzten sigletatik harago, barruko beldurrez ere aritu naizela ohartu naiz; testua autoterapia gisa erabili izan banu bezala. Baina finean, konturatu ere egin naiz beldur zein mehatxu guztiek dutela soluzio bera: ahalduntze indibidual eta kolektiboa. Eta bakarrik ezin bada, baditugu hainbat kide norabide beran indar egiteko prest.