Diskofestaz
Udan izan daitezke izozkiak, su artifizialak edo oporrak Menorcan. Niretzat, udan izan dira lehen aldiak: lehen muxu bat, hautatu nuen bainujantzi hori, depilatu nintzen lehen aldia… Ez zait erraza zehazten aldi horiek askatasun apur bat izan ahala egindako hautuen ala hainbat inertziaren ondorio besterik ez diren. Udamin honetan, bi lehen aldi etorri zaizkit gogora: Donosti Cup Txapelketako eta Aste Nagusiko diskofestak. Donosti Cupekoa izan zen gure lehen aldietako bat.
13-14 urte inguru izango genituen lehenengo aldian. Txapelketan izena eman eta Ondarreta inguruan hamaika banderaz inguratuta pasatzen genuen astebete. Oroitzen dut toallatik dutxetarako paseoa izaten zela desfile bat eta tente joaten ginela begirada internazionalen pean. Txapelketa hasi zenerako mutil mordoa ezagutu genuen: italiarrak, frantsesak, espainolak. Apenas ezagutu genuen neskarik.
Wisconsineko Upton Ship Sharks nesken aurka 14-2 edo galdu ondoren iritsi zen diskofesta. Honek bazuen bere erritual eta bide-orria. Jantzi eta atonduko ginen lagunen baten etxean eta abiatuko ginen lehen aldiz Kursaalera. Baziren joko-erregela batzuk: «player», «coach» edo «supporter» txarteltxoa behar zenuen soinean eta bazen markagailu bat, golak baino ligeak zenbatzen zituena. Arauak sinpleak ziren: Purpurina dantzatu bitartean hurbilduko zen futbol talderen bat; galdetu baino, esango zizuten «nahi duzu nire lagunarekin»; eta zenbatuko ziren tantoak, «gaur laurekin, bostekin edo zazpirekin». Akaso, jaitsiko zinen zu edo zure lagunen bat Zurriolara eta bueltan, kontatuko zenuen edo ez, eman zenuela lehen aldiz muxu bat, ikusi zenuela lehenengo aldiz zakil bat edo, ikusten zenuen lehena ez bazen ere, ukitu zenuela bat.
Hori zen jokoa, horiek arauak, hori inertzia –eta, ulertuko didazuelakoan, «inertzia» esanez ez dut erasoa ukatzen–, baita Aste Nagusian ere. Litekeena horrela bildu izana lehen aldi puska bat. Kasik jokoaren parte zen ere jokoz kanpo uzten gintuena. Zure izena esan gabe bilakatzen zinela «gaueko bosgarrena», eztarria lehortu zitzaizula lehen aldiz zakil bat parez pare izan zenuenean, esku bat edo bi zenituela garondotik bultzaka une horretan, eta beste bost futbolari urrutitik begira. Edo zu izan ez bazinen, zure laguna izan zela ezetz esateko kemena izan bazuen ere, lehen aldiz jantzi zuen soinekoan isuria egin ziotena.
Lehen aldietan beti esaten genuen «hau egin dut», «hau egin didate» beharrean. Ez da erraza, ordea, esaten oroitzapen batek zenbat duen norbere haututik eta zenbat inertziatik. Orain, balantze horren arabera, nireak al dira benetan lehen aldi horiek?
Hemen inertziaren definizio sinple bat: «materiaren propietate orokorra, gorputz batek bere abiadura berez aldatu ezin izatean datzana. (…). Kanpo-indar baten eraginik izan ezean, geldirik dagoen gorputza ez da higituko, edo higitzen ari dena betiere abiadura konstantean higituko da». Nork erantzi zituen kuleroak? Nik ala kanpo-indar baten eraginik izan ezean, geldirik dagoen gorputza ez zen higitzen?
Uda honetan diskofestarik egongo den begiratzera sartu, eta programaketa baino lehen agertu zait 2021eko berri bat. 2018ko Aste Nagusikoan, urte hartan salatutako zortzi erasotzaileetako bati bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten, adin txikiko bat erasotzeagatik. Baina, kartzela zigorra bertan behera utzi da indemnizazio baten eta bost urteko epean deliturik ez egitearen truk. Kanpo-indar baten eraginik izan ezean, makina bat gauza ez dira aldatuko.