Diskurtso segurtasun zalea eta arma berriak
Azken hilabeteotan, bi erabaki hartu dira Donostian. Batetik, atxilotuen jatorri geografikoa modu sistematikoan publiko egitea. Bestetik, taser pistolak sartzea Udaltzaingoaren baliabideen artean. Bi neurriak modu isolatuan azter daitezke. Baina, batera irakurrita, diskurtso bat marrazten dute. «Segurtasunaren» diskurtsoen inguruko klima politiko jakin batean kokatzen dira bi erabakiak.
Azken urteotan, segurtasuna bihurtu da agenda politikoaren aldarri nagusietako bat. Eta, horretarako, hainbat kontzeptu erabiltzen dira, besteak beste: estatistikak, modernizazioa, prebentzioa. Baina hizkuntza horren atzean diskurtsoak daude, eta, haien ondorioz, ekimenak. Delituen jatorria publikoki azpimarratzen denean, delinkuentziaren azalpena ez da faktore sozial eta estrukturaletara bideratzen; identitateetara bideratzen da. Eta identitateak seinalatzen direnean, susmoa, beldurra, haserrea eta gorrotoa kolektibizatzea bultzatzen da.
«Testuingururik gabeko datuek eta estatistikek arriskuaren pertzepzioa handitzen dutenean, kontrol tresnek zilegitasuna irabazten dute»
Datu isolatuek ez dute egiturarik erakusten, subjektua erakusten dute eta orduan pobrea bihurtzen da bere horretan arazo. Pobrea, migratua, paperik gabekoa, kalean bizi dena, lan merkatuan sartzeko aukerarik gabea. Pobrezia sortzen duten baldintza eta egitura instituzionalak bigarren planoan geratzen dira; lehen planoan, berriz, pobrea bera ageri da, susmoaren eta kontrolaren objektu.
Testuinguru berean kokatzen da taser pistolaren auzia. Donostiako Udaltzaingoak soinean eramango duen arma berria. Edo beste modu batera esanda, segurtasunaren diskurtsoa indartzeko, martxan jarriko den baliabide errepresibo «modernizatua». Testuingururik gabeko datuek eta estatistikek arriskuaren pertzepzioa handitzen dutenean, kontrol tresnek zilegitasuna irabazten dute eta legitimazio sozial handiagoarekin txertatzen dira.
Bi erabaki hauek ez dira berdinak, baina norabide berean irakur daitezke. Norabide arriskutsu baterantz eramaten gaituzte. Arma elektrikoak kontrolaren sinbolo bilakatzen direnean.
