Dolarraren gainbehera
Mundua aldatzen ari da etengabe eta aldaketa horiek gure herrian ere gertatzen ari dira eta datozen urteetan are nabarmenagoak izango dira hemen aipatu nahi dugun gai honen inguruan ere. BRICS (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) izenek osatutako ingelesezko akronimoari buruz idatzi nahi dut.
2009an sortu zen elkarte hau eta gero eta sendoago bilakatzen ari den elkartea da, gainera, estatu gehiagok azaldu dute bertako kide izan nahi dutela, adibidez, Argentinak. Zertarako elkartu dira, ordea? Batez ere , euren ekonomia hedatzen joateko, horrela dolarraren menpekotasunetik libre izan eta euren artean harremanak sendotzeko.
Harreman horiek ekonomikoak, energiari buruzkoak, politikoak, komertzialak eta baita militarrak ere badira. Horrela, dituzten baliabideak, gasa edo petrolioa, litioa bezalako lur arraroak, garia eta beste zerealak, teknologia militarra eta ez militarra eta abar elkarri trukatzeko. Truke horiek dolarretik aldendu eta euren moneta erabiliz– une honetan yuan moneta txinatarra eta errubloa– ari dira egiten.
BRICS taldea, ikusten da, garapen bidean dauden estatuek osatzen dutela eta finantza ordenu berri honek munduko barne produktu gordinaren %28 osatzen du ekonomiari eta baliabide naturalei dagokionez eta %50 baino gehiago biztanleriari dagokionez.
Mendebaldeko ekonomiaren menpe, batez ere, AEBen menpekotasunaren aurka sortutako elkartea da. Dolarraren neurrigabeko pribilegioari aurre egiteko, alegia. Horrela , mundu globalizatu eta unipolar batetik mundu multipolar batera igarotzeko.
Gu mendebaldean kokatuta gaude eta gure etorkizuna dolarrari lotuta dagoen herrialdea da. Hala eta guztiz ere, herri industrializatua garenez harreman ekonomikoak ditugu aipatu ditugun estatu horiekin. Hemen ekoizten duguna BRICS osatzen duten estatu horietara ere igortzen da, eta ziur aski, aurrerantzean ere horrela izango da, hori nahiko dute, behintzat, hemengo ekoizleek, horregatik munduan zehar gertatzen ari diren aldaketa hauekin erne ibili beharko genuke. Une honetan, esate baterako, Shangain dauden euskal enpresek (MCC eta abar) ez dakit zein monetatan ari diren egiten euren transakzioak.
Harrigarria da ditugun ohiko komunikabideetan ikustea ezer askorik ez dela adierazten gai honen inguruan. Uste dut jorratzea merezi duen gai bat dela. Gainera, inguruan ditugun estatuek ez bezala, Euskal Herriak aukera izan zuenean ezetz esan zion NATOri, BRICSeko estatu hauek egiten duten bezala.