Donostia, 15 minutuko hiria eta Isabel II.aren berrurbanizazioa
Gero eta gehiago dira 15 minutuko hirigintza ereduaren aldeko apustua egiten duten hiriak. Paradigma horrek herritarrak jartzen ditu hirigintza garapenaren erdigunean, beharrezkoak diren zerbitzuak euren bizitokietatik 15 minutura jarriz. Hamabost minutu horiek oinez edo bizikleta gainean ibiliz egindakoak dira.
Ez da gai hutsala; Anne Hidalgo Parisko alkateak bere bigarren agintaldian egin duen proposamen bat da. Nola eskaini herritarrei hiri lasaiago bat, gertukoagoa, estres gutxiagorekin, garraioan ordu gutxiago, eta, aldi berean, oinarrizko funtzio sozial eta urbanoak asebeteko dituena?
Hiria bizitzeko beste eredu bat behar dugu, eta bide horretan aurrera egin. Helburua izan dadila bizilagunek 15 minutuan eskola, osasun zerbitzuak, kultur zentroak, dendak, kirol guneak eta aisialdirako tokiak izatea.
Gertuko ekonomia bat sortu behar dugu, gertuko negozio ereduak sortu. Argi dago etorkizunean ez dugula egungo bizimodua izango. Auzo bat ez da eraikin multzo huts bat, harreman sozialen sare bat ere bada, eta espazio horretan garatu behar dira sentimenduak eta harremanak.
Donostiaren etorkizuna auzoetan dago, baina ez gaur egungo auzo ereduan, lanera joateko autoa hartzera behartu eta merkataritza zentro handietan erostera behartzen zaituen eredu horretan. Biharko Donostiak autosufizientzian oinarritutako auzoen batura izan behar du.
Horregatik, uste dugu mugikortasunik onena dela beharrezkoa ez den mugikortasun hori. Kontua ez da azkarrago joatea edo autobus eta topo zerbitzu gehiago jartzea. Kontua da urrun joateko beharrik ez izatea. Bizi kalitatea distantzia laburretan lortu behar da.
Gure auzoan petrolio garaiko hirigintza diseinua amaitu behar dugu, autoentzako egindako kale eta hiribideak birpentsatu. Munduko joera da hirietan gertutasuna aurkitzea berriro ere, eta hori oinez eta bizikletan dabiltzan hirien ereduaren bidez lortzen da.
Borondate politiko kontua da. Horregatik, Amara Berriko auzo elkartearen ustez, astakeria izugarria da Isabel II.a berrurbanizatzeko proiektua bertan behera uztea, arestian aipatu ditudan horiek guztiak lortzeko pauso garrantzitsua baita. Aukera bat da espazio hau bizilagunen topaleku bihurtzeko, tokiko merkataritza babesteko… Eta hau guztia beharrezkoa da gurea bezalako auzo plural batean. Pauso txiki bat, baina bide onean emandako pauso bat.
Aukera hau pasatzen uzten badugu, izango al dugu besterik?