Donostia, 1813ko abuztuaren 31n
Sarraski eta hondamendi izugarri hura, etxe guztiak (600) lapurtuak, 500
banan banan propio kiskalita, neska, emakume eta amona guztiak egunetan
bortxatuak, 1.000 bat donostiar erailak (Auñamendi), 1.600 Donostiako
familia lur jota, honela gertatu zen:
Frantziako Iraultza ez zen 1789an izandako jazarraldian bakarrik geratu,
baizik eta, Errege-erreginak hil ondoren, mesianismo halako batez,
iraultza mundu osora zabaltzea erabaki zuten.
1794ko abuztuaren 1ean,
armada Bidasoa inguruko mugara iritsi zen, Irunera. Han, Espainiako
armada zuen zain, Pirinioetako alde guztietan. Zer zetorkien ikusita (90.000 soldadu),
armadak eta haren buruak (Colomera jenerala) ihes egin zuten.
Donostiara iritsi zen gertaera haren berri, eta Foru Aldundiak Getariara
aldatzea erabaki zuen. Abuztuaren 3an, Donostiako atariraino heldu zen
Moncey jenerala, Frantziako tropa salbatzaileekin, eta liskarrik gabeko
bakea eskaini zuen.
Moncey ez zetorren euskaldunen aurka egiteko, Madrilen aurka baizik, herri jasankorra eta borrokalaria osatzen zuten, eta Madrilgo
gobernuaren eraso etengabeak pairatzen ari ziren.
Foru Aldundiak eta Udalak, sena erabiliz eta gizakia izaki libre eta
hiritartzat duen Autodeterminazio Eskubidea betez, erabaki zuten ez
aurre egitea, are gehiago, erabaki zuten Iraultzarekin bat egitea, eta,
ondorioz, Gipuzkoa Frantzia izatera igaro zen; hobeto esanda, indar
handiagoz batu zitzaien Lapurdiri, Zuberoari eta Nafarroa Behereari
(nahiz eta Iraultzak Iparraldeko milaka euskaldun Landetaratu zituen).
Azken batean, Gipuzkoa, bere ordezkarien erabakiz, Frantziaren mende
geratu zen. Mitxelena garaiko Donostiako alkateak hiriko giltzak eman zizkion
Monceyri “tirorik bota gabe.”
Pentsatzekoa da nolako eskandalua sortuko zuen horrek Espainian eta
Madrilen; alde batetik, gerrarik gabe etsi zutelako, eta, bestetik,
Gipuzkoa Frantziako Estatuaren eskuetan geratu zelako.
Baina, hori gutxi balitz bezala, Gipuzkoa estatu burujabe bihurtzeko asmoa zuten, edo
Bizkaiari eta Nafarroari baturikoa, eta, gainera, gogoan zuten antzinako
erresuma berpiztea Zazpiak bat leloarekin, “1.200. urte aurretik bezala” idatzi zuten.
Guztia Bergarako Mintegiari egotzi zioten, Munibek, Narrosek eta Altunak
sortu zuten fundazioari; mintegi horrek harreman estuak izan zituen
Frantziako entziklopedismoarekin, besteak beste Voltaire, Diderot eta,
bereziki, Rosseaurekin, Azkoitira etorri nahi baitzuen.
Garai haietan Gobernu Iraultzaileko Ministro zen Domingo Garate; hark
parte hartu zuen Versaillesko pilotalekuan Giza Eskubideen inguruko
agiria idatzi zenean. Hori guztia barkaezina zen, goi mailako traizioa
eta aberriari eginiko erasoa.
Handik urtebetera, 1795eko abuztuan, M. Bartelemyk eta Domingo Iriartek,
Parisko eta Madrilgo ordezkariek hurrenez hurren, Suitzako Basilean
Bakea izenpetu zuten; hala, Gipuzkoa (Hego Euskal Herria) Espainiari itzultzea hitzartu
zuten, Espainiak Frantziari Santo Domingo uhartea (erdia, milaka espainiar) ematekotan eta Frantzia Hego Euskal Herritik erretiratu zen 1795ean. Gero,
aipaturiko pertsona horiek guztiak auzipetu egin zituzten.
1805ean Napoleonek Baionan preso hartu zituen elkarren aurka borrokatzen ari ziren Espainiako erregeak (Carlos IV eta bere semea Fernando VII), Baionako Konstituzioa inposatu zuen Espainian eta bere anaia Jose Bonaparte izendatu zuen Espainiako errege, agintzen Madrilen eta leku gehienetan.
1808ko maiatzaren 2an Espainiako eta Madrilgo jazarraldiak gertatu
ziren, Frantziaren aurka. Wellington eta portugaldarrak espainiarrei
batu zitzaizkien, eta Wellingtoni buruzagitza eman; horrek Castaños
jeloskor jarri zuen. Independentzia Gerra Euskal Herrira zetorrela eta,
Cadiz beldur zen, Santo Domingo ordurako betiko galdua baitzen.
Cadiztik zalditeria atera zen Castaños jenerala atxilotu eta
ordezkatzeko aginduarekin; jenerala Tolosan atxilotu zuten. Atzera
bueltarik ez zegoela konturatu zen bera ordezkatzeko Freire jenerala
joan zenean. Horiek horrela, Iruñea hartzen ari zen Wellingtonekin
elkarrizketatzeko aukera eskatu zuen. Elkartu zirenean, hitz egin zuten,
baina, Gomez Artetxeren hitzetan, zer hitzartu zuten ezin jakin.
Gertaerek esango zuten.
Espainiako tropak, Wellington buru zutela, Lesakarantz abiatu ziren.
Euskal tropak Ugartemendiaren agindupean zeuden; hark Donostiara odolik
isuri gabe sartuko zela esan zuen, baina euskal tropak baztertu egin
zituzten eta San Martzialera bidali Irunera.
Bestalde, portugaldarrak eta ingelesak Graham jeneralaren
aginduetara zeuden, eta hark Aieten jarri zuen kuartel nagusia. 1813ko
uztailaren 22an, beren indarrek hiri gatazkatsuari eraso zioten. Baina
indar okupatzaileak gailendu zitzaizkien.
Astigarragan portugaldarren pikete bat atxilotu eta espetxeratu egin
zuten. Preso hauek esan zuten Castaños jeneralaren agindua zutela
“donostiar guztiak labanaz pasatzeko (hiltzeko) eta hiria erretzeko.”
Donostiako ateak itxi egin behar izan zituzten, ez hustearren.
Baina Pasai Donibanen babesean ezkutaturik zeudenek Wellingtoni Lesakara
bidali zioten gutunean labanaz hilko zituztelakoan ea egia zen galdetu
zioten. Horri Alaba ordezko jeneralak erantzun zion: «Nola egin
diezaiekezu kasu inolako kargurik gabeko jendeari».
Wellingtonek berak etorri behar izan zuen, abuztuaren 31n Donostia hartu
zuen hark; gero, «kargurik gabekoek» Castañosen agindua bete egin behar
izan zuten.
Bizirik irten ziren horiek 1814ko urtarrilean egindako
aktarekin La Reconstrucción de San Sebastián liburua argitaratu zen;
liburu horretan egin ziren basakeria guztiak kontatzen dira: hilotzak
bortxatu, putzu ilunetan ezkutatuz salbatu eta atari guztiak propio erre
(500). Horrez gain, Alabari eta Wellingtoni idatziriko gutunak agertzen
dira, nahiz eta bukaeran sinadurak kendurik dauden.
Beste liburu bat ere bada, Quién incendió San Sebastián; liburu horretan
sinadurak agertzen dira, baina Castañosi buruzko aipamenak kenduta
daude. Haren atxiloketa Gomez Artetxe jeneral eta historialariak
kontatzen du. Donostia berreraikitzea eta baita hiletak egitea ere
debekatu egin zuten, ikaragarrizkoak izaten hasi baitziren. Herriak,
Frantziako entziklopedismoaren parodia egitearren, Danborrada sortu
zuen.
Antonio Mendizabal.
Antonio Mendizabal Etxeberria, (Neuropsikiatra), Egunkarian
argitaratu zen artikulua 2001-8-31n, duela hogei urte. Antonio Mendizabal (+ 2018-8-27an hil zen).
Oharra:
Sarraskiaren ostean tifusa zabaldu zen Donostian eta 1814ko urrian udalak idatzita utzi zuen artxiboan, erasoengatik eta izurriteagatik bi mila donostiar hil zirela (populazioa hamar mila izanik).
Antonio Mendizabal (+ 2018-8-27an hil zen) Donostia Sutan elkarteko aurreneko lehendakaria izan zen. Ordutik, hitzaldiak, berri paperak, bertsoak, zuzi martxak eta hainbat lan egin da hiriko memoria historikoa berreskuratzeko, azken hamar urtean herri antzerkia eta guzti (larunbatean Trinitateko plazan egin zena).