Donostia, bakarra munduan
Donostiarekin maitemindutako goierritarra naiz. Gizarte Lana ikastera etorri eta ez zen egon modurik hemendik irteteko…Gros bihurtu zen etxe berri eta lagunen topagune, alokairuan ginen gazteentzako oraindik bizigarria zen garai haietan…eta zein atsegina zen asteburuetan hitzordurik behar ez zuten ohiturak sortzea: marianitoa Txofreko Barkaun edo Txantxilloren kalean, arratsaldean pasatu Teorematik eta, gautxorientzako, beti gelditzen zen hamaika jatorriz osatutako Donostia anitz honen erritmoak dantzatzeko aukera Sekundino Esnaolako RKAn. Gaur gaurkoz, lagun bakarra gelditzen da auzoan. Erresistentzia. Zerbait ari gara gaizki kudeatzen, gero eta zailtasun handiagoak daudenean bizitza proiektu duinak aurrera eramateko gure auzoetan.
Hiri honek eta donostiarrek ekarri zizkidaten ere duela 16 urte militantzia sozial, feminista eta politikoa egiteko aukera pila; hamar urtez zinegotzi gisa, Donostia erraietatik ezagutzeko abagunea. Orain, gure banderaren jaitsierarekin parez pare dator ardura instituzional honen zikloa ixteko unea, egun ditudan beste betebehar eta konpromisoekin jarraitzeko.
Berriki, Munduko Ekonomia Foroak txosten batean jaso duenez, bost belaunaldi beharko ditugu genero arrakala gainditu eta gizarte parekide eta justuagoetan bizitzeko. Eta gogoetarako zein nostalgiarako egunotan, datu eskandalagarri honek urteotan norabide horretan doan Donostia baten alde lan egitera hauspotu eta erakutsi didaten emakumeez oroitzea ekarri nau. Izan ere, hiri honek zerbait badu, bere alde lan egiten duten norbanako anitzek sortutako mugimenduak dira.
«Azken desio bat: beste hamar urte behar ez izatea amesten dugun zeruko Sebastianek lurreko Donostiaren antza handiagoa izan dezan»
Buruan ditut Harrera Sarean nekaezin ari diren Itsaso eta Garazi, herritar izaera aitortua ere ez dutenei ahotsa jartzeko lan konplexuan, garai korapilatsu hauetan begirada antirrazisten akuilu. SOS Arrazakeriako Tatiana eta Marling, behin eta berriz guri, etxeko zaintza zerbitzuen gizarte kontsumitzaileoi, ispiluaren aurrean begiratzeko ariketa deserosoa baina beharrezkoa egiten, hirian kontraturik gabe eta baldintza prekarioetan lan egiten duten 2.500 emakume inguru dauden honetan. Lanean buru-belarri dugu dugu ere Marijo, azken bi hamarkada hauetan Txiki Txoko programaren buru, guraso bakarreko emakume migratzaileei eta haien haurtxoei mimorako eta zaintzarako espazioa eskainiz, batzuetan hau izanik hirira iristen direnean zabalik aurkitzen duten ate abegikor bakarra. Bide berean, Donostiako Emakumeen Etxeko Maite, indarkeria matxista kasuek gora egiten duten bitartean, burokraziatik urrun, biktimei aitortza eta doako arreta eskaintzen. Eta zer esan Pili zein egunero Donostiako etxebizitza ugaritara joaten diren 300 etxeko laguntzaileez, aukeratua ez den bakardaderako antidotoa.
Ezin ahaztu ere, Donostia kohesionatu baten alde bere ahalegin guztia jartzen duten udal gizarte langileak, lan karga itzela izanik eta behar bezala babestuko dituen udal gobernu baten zain.
Horiei guztiei eta aipatu ezin izan ditudanei, bilkide zein donostiarrei, nire eskerrik beroenak, ixtera noan ariketa politiko hau bihotzarekin egiten uzteagatik. Azken desio bat: beste hamar urte behar ez izatea amesten dugun zeruko Sebastianek lurreko Donostiaren antza handiagoa izan dezan.