Eneko Goia: 'Donostia bizigarria'
Irutxuloko Hitzaren antzaldaketaren harira artikulu bat idazteko eskatu didaten honetan, geure hiriaren eraldaketa etorri zait burura. Hitzak ekintzak eskatzen ditu. Donostiak asko ditu eskuartean eta beste hainbat egitekoen zerrendan.
Pedro Mari Otañok Irutxuloko uriya deitu zion honetan, inguruko hirietan baino langabezia-tasa apalagoa eta errenta-maila altuagoa ditugu, baina alde nabarmenak daude auzo batzuetatik besteetara. Gure zereginetako bat da barne-kohesiko handiagoa lortzea. Aldi berean, gure populazioa urtetik urtera zahartzen ari da. Horrek plangintza integral bat burutzera behartzen gaitu, zaila bezain ilusio-piztailea den erronka bati aurre egitera. Gazteriaren arazoek ere irtenbideak eskatzen dituzte. Langabeziak beraiek zigortzen ditu gehien, eta lana dutenentzat ere oso zaila da hirian bertan etxebizitza bat erosi ahal izatea.
Kontxa ederrari bizkar eman gabe, Urumearen hegietan ardazten ari da hiria. Tabakalera, trenbide sareari konektaturiko bus geltoki berria, Loiolako Erribera eta Txomin auzo berriak… Orografiak mugak muga, Donostia hazten eta garatzen ari da.
Pasioz bizi dugu kirola. Espainiar Estatuan, Madril eta Bartzelonaren ondoren, gurea da eliteko kirol talderik gehien duen hiria, eta denen aurretik gaude eliteko nesken taldeetan. Kirolen batean aritzen diren herritarren batez bestekoan ere lehenak gara.
Donostia turismo-hiria zen termino hori asmatu baino lehen ere. Turismoaren industriaren hazkunde orokorra bizi dugun garaiotan, Donostiak ere gorakada handia izan du. Hortik dator gure Barne Produktu Gordinaren %13. Aberastasun-iturri ukaezina da, baina zuhurtziaz eta zentzuz kudeatu beharreko errealitatea. Kanpaina interesatu eta gidatuek sortutako zarataz aparte, Donostiak bizikidetza ona du turismoarekin. Halere, bizikidetza horren hobe-beharrez, zenbait neurri hartu behar izan dira: etxebizitza turistikoei buruzko araudi berria, Parte Zaharra gune saturatu izendatzea… Beste zenbait erabaki ere hartu beharko dira aurrerantzean.
Donostia kulturaren hiria da. Europako Kultur Hiriburutza, D2016, herritarren elkarbizitza premiari kulturaren bidez emandako erantzuna izan zen. Haren arrastoak, legatuak, luzaro iraungo du. Donostia Euskararen Hiria ere bada, eta izaten jarraitzeko baliabideak eskaintzen ari gatzaizkio. Pozez eta ilusioz gainezka gaude Euskaraldiaren atarian.
Erronken zerrenda amaiezina da: topoa, Abiadura Handiko Trena, garraio publikoaren elektrifikazioa, ikerketa, solidaritatea… Hainbeste gauza!
Jasangarria. Hori da azken boladan gehien aipatzen den hitza hirien bilakaeraz eta plangintzaz mintzo garenean. Donostia ere jasangarria nahi dugu. Eta, batez ere, bizigarria.
Eneko Goia Laso, Donostiako alkatea