Donostia deituriko buruhaustea
Gurekin dugu eguzkia, eta honekin edozein txokotan zerura begira igarotzeko orduak etorri dira. Tartetxo batzuk lasai hartu eta hara eta hona ibiltzeko aukerak. Baina azken aldian geroz eta presenteago dudan sentsazio bati buruz hitz egitera nator, udarak urtean zehar bizitakoak ordenatzeko eta forma emateko eskaintzen didan aukerari helduz. Ez dakit zuek, baina ni gero eta arrotzago sentitzen naiz bizitokitzat dudan hiri honetan, pixkanaka kanporatuko banindu bezala; gero eta gogorragoa egiten zait Donostia.
Hiriko azken kanpaina diseinatu dutenek hiri eder, lagunkoi, izaera irekiko, fin eta euskaldun moduan definitu dute, ordea. Askotan nirea ez den hiri batean bizi direnaren sentsazioa dut: orain dela hilabete, udaltzainek Moraza 1 eraikinean bizi ziren gazteak erasotu zituzten; ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat hotelek irekiko dituzten ateak; ezin ditugu ahaztu greban dauden erresidentzietako langileak; Ubik-eko langileak alboratu eta Woody Alleni kulturaren izenean eginiko harrera; astero dugu komertzio txikien itxieraren berri; hiriko jaialdien izenak ingelesten tematu dira zenbait… Eta horrela luze jardun dezakegu adjektibo horietako bakoitza erasotuz.
Haserreak baretzean, ordea, egonezina sortzen dizkidaten kezkak baino ez datoz ingurura. Alokairuek gora eta herritarren begizuloek lurrerantz egiten duten hiri honetan, etengabeak dira etorkizun hurbilari egingo nizkiokeen galderak: Non biziko gara gazteak? Turismoak bizilagunak euren etxeetatik botako ditu? Non jolastuko dira Parte Zaharreko haurrak? Noiz arte eutsiko dio Donostiako auzoetan hain estuki garatzen den auzo-bizitzak? Noiz izango dira emakumeontzat* seguruak kaleak zein etxeak? Ezagutuko al dugu inoiz zentroa sostengatzen duten langile gehienen bizitoki den periferia bizigarriago bat? Zenbat gehiago zailduko digute eguneroko bizitza? Utziko al diogu postaleko eskaparate izateari? Finean, noiz eraikiko dugu herritar guztion zaintza, beharrak zein ongizatea kontuan izango dituen Donostia, komunitatea eta kolektibotasuna zentroan izango duen hiria?
Askok pentsatuko duzue dena nahasten ari naizela, modu isolatuan ulertu beharko genukeela. Eta ez dakit zuek, baina nik dagoeneko ezin dut gauza bat bestearengandik bereizi, ez dut nahi. Denaren atzean Donostia marka aurkitzen dut, pixkanaka geure bizkarrera eraikitzen ari diren hiri eredu neoliberal jasangaitza.
Erronka mardula dugu aurrean. Ez da erraza izango, baina prest gaude borrokarako. Hiri bizigarri bat nahi dut, bizitza duin bat, eta ziur naiz zuk ere desio bera duzula.