Donostia: eskizofrenia hirigintzan
Donostiako Udalaren hirigintza politika eskizofrenikotzat jo liteke.
Zardoya-Otis enpresak Herreran zuen fabrikaren kokalekuan 456 etxebizitza egitea babesten ari da. Horrela defendatu zuen urriaren 4an Tomasene Kultur Etxean 100 bat bizilagunen aurrean hirigintza zinegotziak. 20.000 metro koadrotan horrelako etxe kopuru izugarria justifikatzeko, hirigintza jasangarria egiteko modu bakarra dela esan zigun Arzallus andereak, hiri lurraren okupazio intentsiboa landaguneak eta naturaguneak ez inbaditu behar izateko nahia eta agindua betetzeko modu bakarra, alegia.
Berriki, berriz, jakin da alkateak esandakoa, Auditz Akularren 3.000 etxebizitza eraikitzeko aukerari eusten diotela. Beraz, Zardoya eremuko masifikazioak, eta Herrerako auzokoak ondorioz, ez du landagunea ez okupatzea ekarriko. Orduan, non dago jasangarritasunaren argudioa Altzako kasuan?
Zardoyako eremuaren sustapenak, Otis multinazionalari egundoko pelotazoa emateko aukera emateaz gain, Herrerako eta Altzako hiri eremua muturreko etxe dentsitate jasanezinera eramango ditu.
Kontuan izan elkarte honek egin berri duen azterketa batek ondorioztatu duela Altzan espazio libre, parke eta lorategien estandarra biztanleko 1,92 metro koadrokoa dela. Legezko gutxienekoa, betidanik, hiru bider handiagoa da, eta Osasunaren Mundu Erakundeak aspalditik hamar eta hamabost bitartekoa izatea gomendatzen du. Eta ez dugu soilik guk esaten, Ekialdeko Barrutiak enkargaturiko plan estrategikoaren diagnostikoaren arabera, 2010eko plan orokorrak Altzarentzat aurreikusitako F10 eta F20 sailkapeneko eremuen —espazio libreak eta parkeak— %18 soilik eman litezke baliagarritzat. Beraz, Altzako hornidura eta gune libreen eskasia ez da herritarren pertzepzio bat soilik, datu objektiboetan demostratutako zerbait da.
Eta, berriro diogu, egoera horretan Herrerako gune horretan 456 etxe berri eta Auditz Akularreko mendialdean 3.000 etxe aurreikusten ditu udalak plan orokor berrian? Zer da zuentzat jasangarritasuna, Goia eta Arzallus?
Plan orokorrak berak eta hirigintzako irizpide guztiak erabilerak nahasi egin behar direla esaten dute. Hau da, ez direla eremu monofuntzionalak egin behar.
Eta Altzan, berriro ere, udalak justu kontrakoa egin duela konturatzen gara: Nerecan, Rutilita, Ramon Vizcaino… Altzan lanpostuak ia erabat desagerraraztearaino. Plan orokor berriaren aurrerabide dokumentuak dugun lanpostuen defizita zenbatu egin du: lanpostu bakoitzeko sei lagun omen gaude Altzan, hiriko beste auzo batzuetan lanpostuko lagun bat dagoenean. Beraz, arazoa detektatuta dago: Altzan lanpostuen desertizazioa gertatzen da. Eta ondorioak ere detektatuta daude: altzatarrek bere inguruan lan aukerarik ez izatea, eskolako porrotaren kopurua areagotzea eta gazteen lan espektatiben eza. Orain, lehengo lepotik burua, Zardoya gehitu nahi dute.
Bukatzeko, alkateak, etxeak egin beharko direla esateko, udalak Auditz Akularreko eremuan lur erosketen ondorioz diru asko inbertitu zuela justifikatu du. Lasaitasuna eskatu behar diogu Goia jaunari, diru hori Altzako egora urbanistiko tamalgarria bideratzeko beharrezko pausoa delako. Azken batean, azken hamarkadan udal talde guztiek onartu dute Altza hirigintzako demasa eta eraikitze kaotikoaren emaitza dela, eta altzatarrek beti errebindikatu dugu erreparazioa, berhornitzea eta espazio berdeen osaketaren beharra. Helburu horiek izan ditzake lur erosketetan egindako inbertsioak.
Orain, udalak etorkizunerako hirigintza politika txukun bat egitea lehenetsi behar du, iraganeko hipotekarik gabe.
Idazki hau egiten ari garen bitartean, PSE-EEko zinegotziak, Gamendia andereak, esandakoa kaleratu da, Auditz Akularren 3.000 etxebizitza egiteak ekarriko lukeen masifikazioa ez dela onargarria. Poztekoa benetan, jarraian Auditz Akularreko zelaietan parke teknologikoa kokatu behar dela esan ez balu. Altzara egitasmoak ekartzen direla ikusteko desiratzen gaude, lanpostuak sortzen direnean txalotuko dugu, baina, nola esan, Auditz Akular ez da lekua, lekua ez den moduan 3.000 etxebizitza egiteko, arrazoi berengatik. Lurzoruak okupatzeko estrategiak landa lurzorua babesteko helburua izan behar du, ematen dituen zerbitzuak oinarrizkoak direlako: karbonoa xurgatzea, ur eta elikadura baliabideak sortzea, klima aldaketaren aurkako borroka, eta abar. Kontua ez da zer jartzen dugun Auditz Akularren, baizik eta eremu hori zaindu beharreko eremua dela, Antondegirekin erabaki den moduan, eta ia arrazoi berberengatik. Auditz Akular naturagunea da. Parke teknologikorako beste leku batzuk daude Altzan, azalera nahikoa dutenak; adibidez, Txingurriko industrialde zaharkitua.