Donostia eta Tesseoren itsasontzia
Badira kantatuz irakurri ohi ditugun esaldiak, esaterako: “Begi bat ixten du jolastu nahi badu”, “non hago, zer larretan”, “I was born Errotxapean” eta “horra zer dan gure Donostia”. Azken horri begiratu nahi diot gaur. Beharbada, abestia gehiegi xaxatzea izango da, baina Sarriegi eta Barojaren izenean, atrebentzia barkatzen badidazue, pare bat zalantza ditut.
Leloa ulertzen dut, baina honakoa galdetu nahi dut: zer da gure Donostia? Alegia, “gure” diogunean, 2022ko urtarrilaren 7 honetan bizi garen donostiarron Donostiaz ari gara? Adibidez, kontuan izanik nire aita eta amona ere donostiarrak direla eta bizirik daudela, zein da gu hiruron Donostia? Donostia bera al dira aitarena, amonarena eta nirea? Hirurok donostiarrak izanik, hirurok ospatu dugu inoiz San Sebastian eguna. Hiri berean egin zuen amonak 1963ko afaria, aitak 1982ko desfilea eta nik 2017ko gaupasa? Donostia bera dira ikurrinik ere ez zuena eta egun Kursaalean LGTB+ bandera proiektatzen duena? Donostia bera dira Santa Klara uhartean Hondalea egin aurreko eta ondorengo Donostia? Metro bat izango duen eta ez zuen Donostia?
Demagun bihar bertan meteorito batek egun bizirik dagoen donostiar oro akabatu eta hiria suntsitzen duela, eta, ondoren, bizkaitar batzuek hiria berreraiki eta bertan bizitzeko hautua egiten dutela. Bizkaitar horiek, aro berriaren omenez, «horra zer dan gure Donostia» kantatuko balute, gure Donostia berberari egingo liokete gorazarre? Komuna bizkaitarraren Donostia eta gure Donostia, Donostia bera izango lirateke?
Akaso abestia gehiegi xaxatzea da hau, baina Donostiako martxak identitate arazoa duela uste dut. Baliteke, Sarriegirentzat eta Barojarentzat huskeria bat izatea agian, baita zuretzat ere— baina, identitatearen auzia ez da inondik inora auzi hutsala. Horren erakusle da Tesseoren itsasontziaren kontakizuna. Tesseo itsasontzi batean itsasoratu zen, espedizio luze-luze baterako. Bidaia luze horretan, olatu eta haize boladek izugarri astindu zuten ontzia. Hori dela eta, bidaian zehar konponketak egin behar izan zituzten: ohol bat aldatu, beste bat jarri, hondatutako masta berriarengatik ordezkatu, oihal zaharrak bota eta berriak tenkatu… Eta, horrela, Tesseo berriro ere portura itzuli zenerako, bere ontziaren pieza bakar bat ere ez zen abiatu zenekoa, den-denak aldatu baitzituzten itzulian zehar. Esan dezakegu Tesseo itsasoratu eta lurreratu zen ontzia ontzi bera direla?
Azken urteotan, hainbat arrazoi direla eta, hiri honetako piezak ere aldatu dira. Taberna zegoen tokian Foster’s Hollywood bat, etxebizitza zegoen tokian hotel bat edo bi (edo hamar), plaza honetan aparkaleku bat, burdindegi horren ordez supermerkatu bat, lurra zegoen tokian metroaren igarobidea, larrea dagoen tokian surfeatzeko olatu artifiziala laster… Galdera da: hiriko zenbat adreilu aldatu daitezke «horra zer dan gure Donostia» esatean hiri berri baten aurrean gauden edo ez jakiteko?