Donostia Kulturako ikastaroak, aurten ere herren
Donostia Kulturak (DK) antolatzen dituen ikastarotan, jende gehiagok ematen du izena gaztelaniaz euskaraz baino. Euskaraz dakien jende asko egon ohi da gaztelaniazko ikastaroetan. Eguna eta ordua izan daitezke arrazoi baina bada beste bat horien gainetik dagoena: euskaldunek badakite euskaraz diren ikastaroak ez direla osatuko.
Bai, euskarazko taldeen gutxieneko kopurua jaitsi egin dute taldea errazago osatu dadin eta hala ere gaztelaniazko taldeak euskaldunez mukuru beteta egongo dira. Saiatu gara aurten ere, Donostia Kulturako zuzendariari proposamen berriak eskaintzen egoera hau irauli dezan. Baina aurten ere ez da aldaketarik egingo. Badakigu hainbat erakunde ere ari direla hori irauli nahian proposamenak egiten. Baina DKri dagokio egoera iraultzea edo bere horretan mantentzea.
DKak aldaketarako erabakirik hartu ez duenez, 2022-2023 ikasturtean ere azken 20 urteetako inertziak bereganatu du hizkuntza hautua, euskarazkoa hautatuz gero, ikastarorik gabe
gelditzeko beldurrak. Dena den, erabakiko balute beharrezkoak diren aldaketak egitea, horien arrakasta lortzeko ikasleei matrikulatu aurretik jakinarazi beharko litzaieke, kultur etxeetako langileek modu produktiboan jokatuz eta komunikabideen bidez ere informazioa zabalduz, besteak beste.
Orain da garaia datorren ikasturterako aldaketak prestatzen hasi daitezen Donostia Kulturan. Irauli dezagun guztien artean egoera hau.