Donostia pijoz beteta dago
Izan zitekeen clickbait bat —eta bada— baina lerro hauek irakurtzen jarraitzeko hautua egin duzu izenburuko zerbaitek barruak mugitu dizkizulako. «Egia da diotena, pijoz inguratuta gaude?». Egonezinak hartu eta pentsatu duzu: «pijo bat naiz?».
Badira egun batzuk estatuko ikasle egoitza nagusi batek iritzi publikoaren arreta osoa bereganatu zuela, eta konturatu naiz gure pijoen inguruan hausnartzeko garaia ere iritsi dela. Madrilgo Salamanca auzoa abiapuntu zuen arropa denda-kate batean lanean ibili nintzenean ezagutu nituen pijo nagusi hauek, estilo-jakin-horretan janzteko Donostiako pijo periferiko hauen merkatua egon badagoelako.
Pijo hauek, a priori, ez ditugu ezagutzen, espazio berean ez kointziditzeko esfortzu bat egiten dugulako, baina gerta daiteke, horrelako unibertso apetatsuaren kasualitate batean —San Sebastian egunaz gain, pijo hauek pijo-danborrariak direlako—, gure bizitzek bat egitea. Ertzainekin gertatzen den bezalaxe. Kuadrillako laguna ondo ezagutzen zenuen, eta, egun batean, Crossfit-ean ezagutu duen bikotekide ertzaina poteora ekarri du. Ezin duzu hitzekin azaldu, baina hor zerbait apurtu da. Lagunak gurasoen esfortzuz pagatutako unibertsitate pribatuko klaseko pijoetan pijoena ekartzen duenean bezalaxe.
Hausnarketa honetan konturatu naiz pijoa izatea aberastasunetik sortutako betirako identitate bat dela, eta ezin dela patu identitario horretatik ihes egin. Eta hor beste pijo mota batekin egiten dugu topo: pijo-ezkutua, pijo-jatorra edo pijo-autoktonoa, eta kasu batzuetan, laguna.
Sasi-pijo hauei kosta egiten zaie euren posizioaren kontzientzia hartzea, eta batzuetan zure klaseko turistak dira. Gogora ekarriz, ez zuen sekula udako lanik izan, ezta plan bati ezetz esateko arazorik ere. Ez du inoiz podologoaren eta dentistaren artean aukeratu behar, eta sozialismotik hitz egiten duenean, eta prekarietateaz aritzen denean, behin eta berriro erabiltzen duen adibidea zu zara.
Horrela, gaztaroan bidelaguna izan zitekeenak, helduaroko erronkekin batera, ezin du gehiagoz dirua duela ezkutatu; eta halako batean, Scooby Doo-ko bukaerako eszenaren aurrean izango zara. Identitate pijo hori bere parte da eta maskarak beti erortzen dira.
Hain zuzen, jakin badakigu ñoñosti izendapena ez dugula nahigabe, ausaz, kasualitatez edo mirariz lortu. Kasu askotan, egia da, deitzen gaituena gu baino pijoagoa dela. Baina badaezpada ere, pijoa izan daitekeenaren arrasto txikiena ere gainetik kendu behar izaten dugu. Donostiatik ateratzen garenean, soinean ditugun zamak (eta famak) astintzen ditugu, ez gutxitan, beste herrietako euskalkiak usurpatu eta txikitzeraino. Pijoaren kontrakoa jatorra bada, donostiarrak jatorra eta antipijoa izan behar du, ez?
Idatzi hau Donostian uste dena baino pijo gutxiago daudela argudiatzeko dela sinetsi baduzu, oker zaude. Izenburuari zor diot, baina disgustua eta sorpresa ekiditeko: Donostia pijoz beteta dago.