Donostia, politagoa zara gu bagaude
Bueno, kito. Bukatu da uda, bukatu dira gau luzeak, eguzkitik babesteko krema gorputz osoan botatzea eta etxera berandu iristeko aitzakiak. Eta orain, berriz ere, kurtso berria. Badira ilusioz hartzen dutenak, agenda eta boligrafo koloretsuak erosita eta asmo handiekin. Beste batzuei errutinarako buelta gogorra egiten zaie, bi hilabete oporretan egon ondoren zaila baita berriro ordulariaren menpe aritzea… Ezin denon gustukoa izan. Nik, egia esan, gustura hartuko dut udazkenak ekarriko duen freskotasuna, kolore beroak eta tipula moduan kamiseta bat beste baten gainean janztea.
Udazkenean, pixkanaka hiria husten joango da, eta bai, pixkanaka esan dut. Turista gehien udaran biltzen zaigu, nonahi. Denak Airbnb merkeenaren bila eta zein itzal luzea uzten duten etxe horiek guztiak…. Horixe bai da benetako escape room: pisu duin bat bilatzea Donostian. Bulebarrean, Parte Zaharrean, Grosen, eta periferiako auzoetan ere bai. Denak pilatuta, denak kolapsatutako Donostia bat bisitatzen. Hori al da benetan Donostia? Udara berantiarrean etortzen diren bisitariak ere gero eta gehiago dira.
Eta kurtso berrirako nire helburua? Esaterako, erdiguneko jende andanara gutxiago joatea, auzoan geratzea. Denok ez dugu zorte hori, erdigunean bizi direnek etxetik atera eta etengabeko mugimendu hori baitute. Askoren aurtengo helburua hipoteka edo alokairu prezio duin bat lortzea izan daiteke, baina horrek fantasia kutsu bat ere badu.
«Kurtso berrirako erosi dugun agenda koloretsua betetzeko momentua iritsi den honetan, kolore askotariko boligrafoekin hasi naiz marra hemen, koadroa hor eta ‘denbora’ betetzen»
Kurtso berrirako erosi dugun agenda koloretsua betetzeko momentua iritsi den honetan, kolore askotariko boligrafoekin hasi naiz marra hemen, koadroa hor eta «denbora» betetzen. Kalkulatzen laneko orduetatik kanpo kirol ikastarora apuntatzeko denbora, etxeko zeregin askotarikoetarako denbora gordetzen eta sobran geratzen den denbora apur hori sozializatzeko uzten. Dena denboralizatua agenda honetan. Hori bai, kolore panpox askorekin.
Uda, bai, polita izan da. Hondartzan ilunabarra ikusi bitartean afaldu ditugun egun horiek guztiak buruan, lagunekin pasatutako momentuak, modu kontzientean egiten saiatu garen oporraldiak… Mugikorreko atzeko planorako prestatu ditugu udarako argazkiekin osatutako karruselak. Eta orain bai, kurtso berriari ekiteko prest, gogotsu etorriko diren erronka berri horiei guztiei eusteko, eta herri burujabeago bat lortzeko bidean lanean aritzeko gogotsu. Ez gaitezen konformatu, ez gaitezen isildu.