Donostiako aparkaleku publikoen egoera
Donostiako Udalak hiriko aparkaleku publikoen eskaintza handitzea erabaki zuen 2000ko hamarkadaren bukaeran. Horretarako, aparkaleku horien obra eta ustiapena lizitaziora atera zituen, eta Empark enpresari adjudikatu zizkioten, Telpark izen komertzialarekin. Moyuak eraiki zituen aparkalekuak, eta horiek ustiatzen dituzten sozietate esleipendunek %40ko partaidetza dute.
Lehenengo egunetik, kostuak merkatzeaz baino ez zen arduratu enpresa. Garbiketako eta segurtasuneko langileak kaleratu zituen, langileen plantilla murriztu zuen eta soldatak izoztu zituen. Gainera, txanda osoak kendu zituen, baldintza agiriak bete gabe.
2023ko irailean, langileen ez-betetzeen eta gero eta segurtasun gabezia handiagoaren aurrean, enpresako langileen bi delegatuok Olatz Yarza Mugikortasun zinegotziarengana jo genuen, gure kezkak helarazteko eta gure ustez baldintza agirien ez-betetzeak zirenak azaltzeko. Bileraren ondoren, ez genuen erantzunik jaso.
Ikusi genuen udalak 2024ko udarako tarifak %23 igotzea hitzartu zuela enpresarekin, eta, ondorioz, fakturazioa ehunka mila euro igo zela.
Easo plazan eta Katalunia plazan izandako bi sexu erasoen ondorioz, langileek berriro salatu genuen aparkalekuetako segurtasunik eza eta baldintza agiriak ez betetzea, berriro ere udalaren babes ezarekin, EH Bilduren salbuespenarekin; izan ere, EH Bilduk, interesatu ez ezik, hainbat aldiz planteatu du egoera batzordeetan eta osoko bilkuretan, eta une oro eman digu babesa, Garbiñe Alkiza zinegotziaren eskutik.
«Zerbitzuaren eta lan baldintzen degradazioa hain handia denez, askok gure lanpostuak uztea eta bizimodu hobea bilatzea erabaki dugu»
2025eko urtarrilean, enpresak lau kaleratze egin zituen aldez aurretik abisatu gabe, 23 langilekoak, eta gaueko langileak kendu zituen Kontxan eta Okendon.
Oraingo honetan, Olatz Yarzarekin bildu ginen berriro. Hark bere kezka adierazi zigun, eta txosten bat eskatu zigun, gure ustez baldintza agiriak betetzen ez zituztenena. Txosten hori otsailean eman genion. Berriz ere, ez dugu erantzunik jaso.
Hainbat lanuzteren ondoren, akordio bat lortu dugu enpresarekin, eta urtarrilean aplikatutako zenbait neurri lehengoratuko dira. Horrez gain, enpresak konpromisoa hartu du Kontxako gaueko txandarako bi pertsona kontratatzeko, aparkalekuen itxierak egiten diren bitartean.
Zerbitzuaren eta lan baldintzen degradazioa hain handia denez, askok gure lanpostuak uztea eta bizimodu hobea bilatzea erabaki dugu.