Donostiako arrauna: balentria isilen garaia
Ez da ohikoa jokatutako bandera eta ikurrin guztiak irabazita amaitzea arraun denboraldi bat. 2024ko denboraldia eztitan bizitu dugu Donostian. Iraileko bigarren igandeak FESTARA! bultzatu gintuen Plaza Berrian, inoizko harrera ofizial paregabe batean. Ñoñostiartzat gaituztenei argitu genien donostiar jatorraren sena kaxkarina dela.
Euskadiko txapeldunorde izateak iazkoa errepikaezina izango dela erakutsi du, nahiz eta hirutik bi irabazi ditugun: Gipuzkoakoa eta Espainiakoa. ARRAUNa kirola da, lehia da, apustua da, ikuskizuna da, jarrera da, denok batera helburu beraren bila ARRAUN egitea da. Aurkarientzat ere bai.
Liga bihar Bilbon hasi, eta abuztuaren 24an Getariako uretan amaituko da, hamasei estropada exijenteren ondoren. Gogotsu ekingo diogu gure bederatzigarren ligari, garaipena laugarrenez eta hirugarrenez jarraian Donostiara ekartzeko asmoz, eta, hala, jatorrizko txapeldunen garaikurra gure klubera ekarriz.
Talde liderraren maillot urdina jantzita askatuko dugu estatxa Bilbon. Erronka latza lortutako hau ere, gutxitan azpimarratu dena azken bi urteetan, ligako estropada guztietan jantzi dugun arren. Helburua Euskotren Liga irabaztea den arren, urdinez janztearen ohiturari eusten ere saiatuko gara. Bai, noski!
«Isilpeko lanetik sortutako erabaki zentzudun eta ausartak dio kirol meritua lehenetsiz erabakiko dela txartel baliotsuaren jabegoa. Murrizketa, oztopoa edo berdintasuna da?»
Maiatzaren 13an, asteartez, jaso genuen ustekabe pozgarria: Kontxako Banderaren araudiaren aldaketa Donostiako taldeontzat. 2025etik aurrera, Euskotren Ligan hoberen sailkatua dagoen talde donostiarrarentzako izango da zuzeneko txartela, eta beste talde donostiarrek sailkatze estropadan izango dute bigarren aukera geratzen diren beste zazpi lekuetako bat eskuratzeko.
2017tik aldarrikatu dugun eta kalean zebilen ezin-ulertua, araudiaren aldaketarekin egokitu da. Agente ezberdinen isilpeko lanetik sortutako erabaki zentzudun eta ausartak dio kirol meritua lehenetsiz erabakiko dela txartel baliotsuaren jabegoa. Murrizketa, oztopoa edo berdintasuna da?
Askok gogoratuko dugu garai batean donostiarren arteko estropada jokatzen zela Aste Nagusian. Baina, egun, beste errealitate batean bizi da. Egutegi berriek markatzen digute denboraldiaren erritmoa. Txapelketekin halaxe gertatu da, ekainera aurreratu dira, liga atsedenik gabeko larunbat eta iganderoko estropadez josia dagoelako.
Denboraren poderioz, historia egiten ari garela errekonozitzen ari diren moduan, gure klubari ere iritsiko zaio goi mailako instalakuntzetan ARRAUN egiteko momentua. Zaletu eta donostiarren indarrak lagunduko digute dugunaz eta garenaz harrotasunez eta zentzuz defendatu eta disfrutatzen.
Estropadetan elkar ikusiko dugu. Aupa Arraun, gora Donostia!