Donostiako hiri eredua aldatzeko elkarlanean
Donostiako hainbat auzo elkarte eta herri mugimendu elkarlanean ari gara hiri eredua aldatzeko behar larriaren aurrean. Joan den larunbateko manifestazioa egitasmo honen lehen urratsa izan da, eta hainbeste herritar eta talde sozial bildu izanak elkarlan honen beharra eta zentzua erakusten du gure ustez.
«Hiria herritarrentzat pentsatzeari utzi egin diote eta interes ekonomikoak baizik ez dituzte bideratzen», zioen Miguel Angel Irazabalbeitia arkitektoak Donostian sustatzen ari den hirigintzari buruz. Salaketa horrek mamitu du manifestaziorako deialdia, herritar gero eta gehiagoren sentipena ongi laburbiltzen baitu. Horren ondorioz, Donostian eragiten ari diren kalte sozial larriak nabarmendu ditugu, etxebizitzen espekulazioan eta hiriaren turistifikazioan, kaleen merkantilizazioan, hiriaren elitizazioan, jarduera urbanistiko erasokorretan eta ondare arkitektonikoaren suntsiketan azpimarra jarriz. Ez da erabateko berritasuna: Donostia Defendatuz koordinakundeak zuzenki salatzen zuenez, interes ekonomiko handiei sistematikoki mesede egiten dieten Donostiako Udalaren politiken ondorio dira arazo horiek, bizitzeko hiri baten ordez negoziorako hiri eredu bat eraikitzen ari delarik, donostiarren kolektibitatearen eta ingurumenaren kaltetan.
Azken hileotan, bestalde, Hirigintza Plan Orokorra berritzeko prozesua abian jarri du udalak, eta auzo elkarteek herritarren partaidetzarako bideak hutsak direla salatu dute. Aldi berean, Donostian makina urbanizatzailea kosta ahala kosta elikatzen segitzeko asmoa agertu du udal-gobernuak, Amara-Eason Metroaren eraikuntzari loturik bultzatzen duen pelotazo urbanistikoa eta Manteon ondare publikoa espoliatuz Culinary Center-en bigarren egoitza eraikitzeko egitasmoa plazaratu dituelarik.
Hori denagatik, bizilagunen borroka desberdinen artean elkarlanerako jarrera zabaltzea premiazkoa da gure ustez, hiria merkatu-interesen menpean jartzen duten politikei aurre egiteko eta Donostiako hiri eredua auzoen eta herritarren beharrei begira eraldatzeko gaitasuna indartzeko. Elkarlanean jarraitzea da asmoa eta herri ekimen honek segida izan dezan batzarra egingo dugu datorren asteazkenean, hilaren 29an, arratsaldeko sei eta erdietan, Groseko Hondarpe auzo elkartean. Hiri ereduaren auzian kezka berdintsuak partekatzen dituzten talde eta pertsona guztiak parte hartzeko animatzen ditugu beraz.