Mirakruz 19 eraikina, eraitsia izan baino lehen. (Argazkia: Malen Aldalur)
Iaz Europako kultur hiriburu izandako Donostia honetan, paradoxikoki, kulturaren erakusgarri diren zenbait eraikin historiko desagertzen ari dira gure begien aurrean. Aurreko astean, Eneko Goiak IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan, alkateak arazoa jabetza pribatu eta publikoaren arteko orekan kokatzen zuen; bere burua zuritu nahian-edo, suntsiketa saihesteko Udalak hainbat eraikin erosi egin beharko lituzkeela zioen.
Ondo baino hobeto daki hau ez dela egia, PEPPUC delakoa (hiriko ondare babestuaren zerrendategia) irmoagoa izateak ahalbidetuko lukeelako ondare honek zutik jarraitzea, eta hau udalaren ardura da bakar-bakarrik. Kontua da honek nori egin nahi dion mesede, hiriko biztanleen gehiengoak maite duenari ala poltsikoa bete diru daukanari, hemen dago gakoa. Ez da onargarria Udalak PEPPUC delakoa aspaldi zorrozki finkatu ez izana, izan ere, berau izango bailitzateke eraikigileen etekin aseezinari aurre egiteko tresnarik egokiena eta erabakigarriena. Gu guztiok ordezkatzen gaituzten udal-politikariek, askoz zurrunago eta jakintsuago jokatu beharrean, neurri handi batean, arduragabekeriaz eta historiari muzin eginez ari dira. Badute zer ikasia.
Hiri-ondareak hiria edertasunaz, xarmaz, nortasunaz eta arimaz janzten du, baina azken urtean eta inolako gupidarik gabe, etxe multzoaz gain, Groseko eta erdialdeko zenbait eraikin eder eta zahar bota egin dituzte, gure oroimenean baino geratuko ez direlarik. Honen adibidea XIX. mende bukaerako Gros auzoko Mirakruz 19 etxe adierazgarri eta xarmangarria da. Orain urte batzuk Aldundiak eraikin hau babesteko eskatu zuen, eta PEPPUC-en zerrendan sartuta egon zen. Argitu gabeko azpijoko maltzur bat tarteko, eta beste laurogei eraikin bezala, erabateko zerrendatik kanpo geratu zen.
Zeharo kezkatuta, auzotar batzuek Mirakruz 19 plataforma sortu genuen eta gogor eta sutsu aritu ginen bere fatxadak zutik mantentzearen aldeko borrokan. 7.000 mila sinadurak gure ekintzarekin bat egin zuten. Alferrik! Udalak utzikeriaz jokatu zuen, eta, tamalez, orain hilabete pare bat bota egin zuten. Gogorarazi behar dugu arazoak oraindik auzibidean jarraitzen duela, gure udal-arduradunek eraikigileari aurreko udan botatzeko baimena eman zioten arren. Hau gutxi balitz, eraikin berriak ez du Plan Orokorrak eremu horretarako exijitzen duen zenbait baldintza beteko. Sinestezina da, baina errealitate gordina.
Hiri-ondarearen alde dihardugunok, hain zuzen, hirigintza eta bere adierazgarri zuzena den arkitektura maite ditugulako ari gara ekinbide honetan. Garai guztietakoa atsegin dugu, garaikidea ere ikaragarri miresten dugu, baina azken honek jakin behar luke aurrekoen ondorengoa dela; ez dela bidezkoa dirua lagun duelako, harrokeriaz eta itsukeriaz, zaharra, gure memoria kolektiboan txertatuta dagoena, suntsiaraztea, ez errespetatzea. Hirurogeita hamargarren hamarkadan, artean frankismoaren ingurumarian murgildurik, eraikin asko desagertu egin ziren, hiriak ez baitzeukan babes-arautegirik. Hurrengo urteetan gure agintariek hau sortzeari ekingo zioten eta espekulazioak eta etekin grinak etena izango zutela pentsatu genuen hiritar gehienok. Oker geunden, oso oker.
Donostiako Udalak, azkenaldian agindu bezala, arduraz jokatuko badu eta sinesgarritasuna izango badu, ekin diezaiola, berandu baino lehen, hiriko hirigintzarekiko eta hiritarrokiko betebeharraren izenean, hain urria den babes-zerrendategia zabaltzeari, zoritxarreko txikizio hau eten dadin. Denon ahoetan dagoen Bellas Artes antzokia izan liteke honen eredu, garai batean izan zuen babes maila gorenekoa berrezarriz eta SADE-ri berari bakarrik dagozkion berrikuntza lanak egiteko exijituz, etxebizitzak egiteko egitasmoa baztertuz. Borondate politikoa baino ez da. 10.800 mila hiritarren sinadurak bermatzen dute desio hau.
Eusko Jaurlaritzak badu zer esanik, duela bi urte monumentu izendatu baitzuen, orain erabaki honi bizkar eman nahi badio ere, auskalo zeren eta noren onurarako. Aurreko astean, Eusko Legebiltzarraren gehiengoak Eusko Jaurlaritzari monumentu izateari eutsi diezaion eskatu zion. Demokrazian sinesten badute, bete dezatela gure ordezkari eta hiritar gehienek eskatzen dutena, eskatzen duguna.
Gure ondarearen alde lanean jarraitzeko, Mirakruz 19 plataforma Ondare elkartea bihurtu dugu.
Andoni Lamarka, Ondare elkartea