Donostiako Klasikoa eta Israel-Premier Tech taldea
BDZ Israeli Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak mugimenduko (BDS, nazioartean) ordezkaritza bat bildu berria da Donostiako Klasikoa antolatzen duen Oceta erakundeko arduradun batekin. Jakinarazi digu aurten, iaz ez bezala, lasterketara ez dela talde israeldarrik etorriko. Albisteak asko poztu gaitu, zeren argi uzten baitu iazko lasterketan Israel-Premier Tech taldearen presentzia salatzeko eragile eta jende askoren artean egin genuen mobilizazioak ―taldeen aurkezpenean eta lasterketa egunean ibilbidean zehar Palestinaren aldeko ikurrak erakutsiz― eragina izan duela: Israel-Premier Tech txirrindularitza taldeak ederki ulertu zuen ez dela ongietorria Euskal Herrian, eta aurten erabaki du ez etortzea.
BDZ mugimenduak (Bdsmovement.net) hogei urte daramatza estatu sionistaren aurkako boikota aldarrikatzen. Israel bere sorreratik dabil (77 urte, jada) palestinarren kontrako apartheida, erailketak eta lur eta jabetza lapurretak gauzatzen. Ekintza hauei genozidio samingarri bat gehitu behar zaie, eta honen aurrean inork ezin ditu jada begiak itxi. Palestinarrei nazioarteko lehiaketetan parte hartzea eragozten dien bitartean, Israel garbiketa etniko gordina eragiten ari da, eta eliteko talde eta kirolari israeldarrak erabiltzen ditu, ezer gertatuko ez balitz bezala, estatu sionistaren irudia normalizatzeko.
Egoera horri aurre egin asmoz, BDS mugimenduak (Euskal Herrian, BDZ) boikot ekimenak planteatzen ditu: besteren artean, Israelgo kirol taldeen kontrako ekimenak, Maccabi Tel Aviv saskibaloi taldearena kasu —Palestinarekin Elkartasuna plataformarekin era bateratuan egin genuena, Gasteizen jokatutako Euroligako partidan— edo Donostiako Zurriolako hondartzan antolaturiko Basque Country Junior Pro surf txapelketarena.
«Israel-Premier Tech txirrindularitza taldeak ederki ulertu zuen ez dela ongietorria Euskal Herrian, eta aurten erabaki du ez etortzea»
Testuinguru orokorrago batean, ezin dugu ahaztu azken bolada honetan Europako hainbat botere gunek Errusiaren kontrako kirol boikota eta boikot ekonomiko eta kulturala erabili dituztela, Ukrainako auzia dela eta. Horrek neurri bikoitz argi bat erakusten du, eta baita Estatu Sionistarekiko ageriko kidetasun ideologiko bat ere, eta hark egiten dituen sarraskiekin konplizitate lotsagarria. Zeren zain dago UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna Israel eta haren meneko taldeak eta kirolariak lehiaketa guztietatik kanporatzeko? Ez al zaio aski iruditzen Nazioarteko Zigor Auzitegiak edo eta Nazio Batuen Erakundeak egindako adierazpenak Israelen praktika genozidei buruz?
Etxera etorrita, Euskal Herriko kirol jardueren antolatzaileei eta jarraitzaileei ―oraingo honetan, bereziki txirrindularitza giroan dabiltzan antolatzaile, talde eta zaleei― eskatzen diegu BDZren kirol boikot deiari kasu eginez, baztertu ditzatela Israelen izenean edo haren banderapean dabiltzan taldeak eta kirolariak. Israelek bere larruan sentitu behar du ez dugula onartzen haren ibilbide kriminala eta ez dela ongietorria Euskal Herrian.
Bide batez, eta jakinda Klasikoak mundu zabalean telebista hedapen handia duela, jendea animatzen dugu lasterketa egunean eta ibilbidean zehar palestinar herriari elkartasuna adieraztera, banderekin eta bestelako ikurrekin, bereziki azken kilometroan. Helmuga inguruko iazko irudiek oihartzun ederra izan zuten hedabideetan.