'Donostiako martxa, Donostiatik martxa?'
Sebastian bat bada zeruan. Hala abesten eta jotzen dugu, behintzat, milaka donostiarrek egunotan. Hirian bizi, lan, paseatu, maitatu eta pairatzen degunok ziur dakiguna, hala ere, zera da: Donostia bat bakarra dagoela munduan. Eta bakarra izanagatik, ez dagoela salbu. Zeruan ez dakigu baina, Parte Zaharraren erdian, Santa Maria elizaren gainean, badago Sebastian zenaren irudi bat. Ehunka urte han pasata, zorrotz begiratuko gintuzke donostiarrak, ahal balu. Orain, aurre aurrean ikusiko luke enpresari turistiko eta jabe aseezinek hotel bilakatu nahi duten eraikina. Bertako balkoi batean, han bizi diren okupek ezarri duten pankarta, «Hotel + ez» dioena , eta inguruko hainbat etxetan gauza bera eta auzoa berreskuratu dioten banderola urdinak ere, baita ostegun arratsaldero eliza parean egiten dituzten bilkurak ere, egunero kopuru handiagoetan bisitatzen eta argazkiz josten duten turistak ikusten dituen bezala.
Pentsa genezake, harrizkoa eta donostiarra izanik, Sebastian honek begirune berezia liokeela hiriko ondare eraikiari ere. Gorputzean iltzaturik dituen geziak bezainbeste min egingo liokela San Bartolome gainean hotela eraikitzen ari direnek komentua legez kanpo txikitu izanak, baina baita San Bartolomen bertan beste komentu batean sortu den negozio handiak, Mirakruz 19 eta etxe historiko ugari eraitsi izanak, eta aurreko udal gobernuak salduta barnetik hutsik duten Lasalako eraikinak… Begirada pixkat mugituko balu, alboan duen Santa Teresa komentuan (auzoko haurrentzat baino gehiago, nazioarteko moda coolarentzat aproposagoa omen den horretan), ikusi lezake honen berri, Galdutako hiria erakusketan.
Baina, Sebastian alde batera utzita, Donosti bat bakarra munduan. Akaso beti interesa piztu duen Donostia bat, gaur egun kontaezina den diru publikoa xahutzen duena interes turistikoen mesedetan. Eta, Retortillo sailburuaren hitzetan (hamaika jatorritako donostiar ugari «turismofobo» eta «xenofobo» deitu zituen berdinarenetan), are gehiago inbertituko dugu, Munduko Turismo Erakundea gurera etortzekoa baita. Ze Esatek! taldeak dioen bezala… «Ongi etorri, Mr. Marshall!»
Irutxuloko gaztelupean, zahar eta gazteak omen. Ai, jakingo bagenu zenbat zaharrek ihes egin duten edozein asteartetan goizeko ordu txikietan pairatu beharreko zarataz! Eta zenbat joxemaritar eta koxkero gaztek utzi behar izan duten euren auzoa, ehunka kontatzen diren etxebizitza turistiko legal, alegal eta ilegalen ondorioz? Kalerik kale, soldata bajuaz, umore tristez donostitik kanpora doaz, Joxemari!
Hala baita, Donostiako Martxa joaz hazi edo bizi izan garen hamaika gazte langile kanporatuak izaten ari baikara. Batzuk, turismoa baino lantzen ez duen merkatuan lanik ez eta «abentura bila» atzerrira joan behar dugulako. Beste batzuk, jada inoizko handiena den alokairuen salneurri igoeragatik. Beste asko, etxeen jabeei lobby eta higiezinen enpresa handiek egindako presio eraginkorrek jabegoa kontzentratu dutelako. Gutxi balitz, donostiarren ihesaldi honek eragin kaskarra du inguruko herrietan, bertan ere alokairuen igoera eta ihesak sortuz.
Gazte langileok edozein enplegu onartzera bultzatzen gaituzte, horrela. Eta gaurtandik gerora, penak zokora ezinak dira. Zokora botata bizi dira, ordea, hamarnaka etxegabe, postaleko hiri honetan. Hiru hilero, hiru egun eman ditzakete teilatupean. Beteezinak izan daitezken baldintzak bete ezean, gehiago ez. 2016ko urtarrilaren 20ean, Donostia ofiziala kulturaz mozorrotzen zen bitartean, Bulebarreko kutxazain batean, zokoratu eta ikusi nahi ez degun miseriak Yoli izeneko 50 urteko Andrea hotzez erail zuen, 14.000 etxe huts dituen hirian.
Penak zokoratzen espezialistak dira, baina, gure agintariak. Urteetan pisu turistikoekin beste aldera begiratu edota arazoa Uliako mintegien parkea porlanez betetzen arindu nahi dutenak, ostalaritzako lobbyei men eginez gobernatzen dutenak, indartsuarekin ahul eta ahulekiko harro. Beti pozez eta alai ezin, baina bagera, gu ere bai. Gure hiria eta hiritarrak maite ditugunez, festara! Dantzara! Poz handiz oihu egiteko arrazoiak ere baditugulako- Zorionez, hiri hau egunero lantzen dugulako langileok, udalaren pasibotasunaren aurrean negozio kaltegarriak salatzen dituzten auzotarrek, eta hamaika ekimenetan bestelako Donostia eraikitzen duelako jende askok. Donostia berdeago bat, elkartasunean oinarritua eta argazki bat egiteko ordez hemen bizitzeko etorri diren hiritar helduberriei ongietorria emango diena. Horra zer (izango) den gure Donostia.
–Aitor Ionescu. Parte Zaharra.