Donostiako paradoxa
Aurreko astean, Donostian okupazio ekintza bat aurrera eraman zuten, etxebizitza egoeraren larrialdiaren berri emateko eta egungo etxebizitza eredua salatzeko.
Salaketarekin bete-betean bat egiten dugu, baina arazoaren muinera jotzea eta egun Donostiak bizi duen etxebizitza egoeraren inguruko eztabaidan sakontzea beharrezkoa ikusten dugu.
Donostian ez dago etxebizitza hutsen eskasia, arazoa beste bat da. Izan ere, etxearen beharra duten herritarrek eta salmentan eskaintzen diren etxeak ez dute bat egiten, ez dira gurutzatzen, ez dira elkartzen. Saltzen diren etxeak erosi beharko lituzketenen ahalmen ekonomikotik at daude. Eta horrela gertatzen da, milaka etxe hutsik dauden bitartean, milaka donostiar etxerik gabe daudela.
Okupazioa oinarritzeko, salatzen den hiriaren turistifikazioak zerikusi handia du, baina badira beste arrazoi batzuk, horien artean udalak izan duen etxebizitza politika. Iaztik idazten hasiak diren plan orokorrak, hiriko hirigintza arautzeko egitasmo nagusi izango denak, bere aurrerakinean dio egun Donostian 94.865 etxebizitza daudela, eta horien artean 28.822 azken 30 urteotan eraiki direla. Eta orain dator datu esanguratsuena: horietatik, etxebizitza babestuak 3.821 besterik ez direla. Hitz batean, Donostiako etxe babestuen parkea ez dela iristen %4ra.
Beraz, estatuko etxebizitza garestiena duen hiria izatearen zergatiak hasi gara jorratzen. Erkidegoko araudiak 1994 urtetik etxebizitza sustapen bakoitzean %20 eta %55 artean babestua izatea eskatzen duenean, Donostiakoa ez da iristen %4ra.
Horrez gain, badira beste arrazoiak ere. Etxebizitza sustapen bakoitzean ere eraikigarritasunaren %10 edo %15, garaiaren arabera, udalaren esku utzi behar zen eta, legez, tresna hau kolektibo zaurgarrienei etxea eskura jartzeko erabili behar zen. Baina Donostiako Udalak, ezarritako salbuespena erabiliz, tresna hori diruz ordeztu ohi du azken hamarkadetan, hirigintza diru iturri bihurturik, udalaren inbertsioak finantzatzeko tresna bilakatuz.
Donostian etxebizitza behar duten herritarrak eta salmentan dauden etxebizitzak bat ez egitearen oinarrian udalaren etxebizitza politika dago, beraz. Donostiako paradoxa da: etxeak daude, baina ez donostiarrentzat.
Gauzak horrela, ezin dugu onartu ase gabeko demandak berriro ere milaka etxe berri egiteko pretentsioa sostengatzea. Aipatu plan orokorra berriro aurreikustera doa 4.000 etxe gehiago Altzan. Ez dugu onartzen donostiarren beharrari aurre egiteko irtenbidea denik, lurren jabeen eta hirigintzako promotoreen negozio beharrari baino.
Zein motako eskatzaileek behar dute etxebizitza Donostian? Non daude behar horiei aurre egiteko berezko eremuak, auzoz auzo? Zergatik ez du horietan bat egiten eskaintzak eta eskaerak? Zenbat etxe geldituko dira hutsik hurrengo hamarkadan?
Hitz batean, noiz egingo ditugu galdera zuzenak Donostian?