'Donostian ere bada segregazioa' erreportajeari buruz
Zorionak Irutxuloko Hitza-ri joan den astean Donostiako ikastetxeetan dagoen segregazioari buruzko erreportaje interesgarriarengatik.
Zuek diozuen bezala, 2017-2018ko ikasturteko datuak erabili dituzue horretarako, eta, egun, egoera apur bat aldatu den arren, badirudi kausak eta ondorioak mantentzen direla. Zuek emandako datu guzti horietatik, nire ekarpen xumea plazaratu nahi dut; izan ere, urte luzez aritu bainaiz lanean Donostiako eskola publikoetan. Erretiroa hartu nuen duela hiru urte, eta, erreportajea irakurrita, gai honi buruzko perspektiba ez dudala galdu konturatu naiz.
Datuak ikusita, Donostiako egoera benetan adierazgarria da, sare publikoaren ikasleek %38 inguru bakarrik osatzen baitute. Euskadin, berriz, %51 inguru. Erreportajean diozuenez, Donostian ez da horren muturrekoa egoera, ikasle atzerritarren %52 baitaude sare publikoan. Bestalde, bi ikastetxe erlijiosotan daude kontzentratuta etorkinen kopururik altuena. Beraz, bi ikastetxe horiek kenduta, Donostiako eskola publiko guztietan ari dira elkartzen ikasle mota hauek. Ikastola gehienetan, berriz, beste herrietan gertatzen den bezala, apenas ez dago etorkinik. Horrexegatik, ongi azaltzen zenuten bezala, «ghetto zuriak» izateko arriskuan daude ikastola hauek.
2018ko azaroaren 5ean, eskoletan zeuden ikasle etorkinei buruzko datuak argitaratu zituen Hezkuntza Sailak komunikabideetan. Eskoletan genituen benetako egoerarekin alderatuta, ordea, oso motz gelditzen zen. Izan ere, datu ofizialak Estatistikako Datutegitik hartzen dira eta berauek «Hezkuntza Saileko matrikula aplikazio informatikotik» lortzen dira, hau da, eskola bakoitzak matrikula garaian kudeatzen dituen datuak dira, eta gurasoek ahoz aitortutako datuetan oinarritzen dira; umeei buruzko nazionalitate dokumenturik ez baita derrigorrezkoa.
Garai hartan, nire eskolan %14 ingurukoa zen atzerritartasun portzentajea, datu ofizialen arabera. Eta datuok nahiko urruti zeuden errealitatetik. Izan ere, Irutxuloko erreportajean azaltzen zenuten bezala, Ongi Etorri Eskolara proiektuari esker, geure eskolan ere «kultur arteko ikerketa» sakona egin zuten, eta eskolan jatorri atzerritarra zuen ikasleriaren portzentajea %28 ingurukoa zen; hau da, herritartasun edo/eta kultura desberdinak zituzten ikasleak ziren horiek. Beraz, datu ofizialetik egoera errealera pasata, justu bikoitza zen aldea. Beraz, datuak eta estatistikak erabiltzen direnean, kontuz! Dena ez baita dirudien bezain argia.