Donostian ere harro gaitezen!
Orain dela egun batzuk, afalostean deitu zuten etxera, gaueko hamarretatik gertu, inkestak egiten ari zirela, eta ea prest nengoen hari erantzuteko. Gaztelaniaz, jakina. Gogo handirik ez nuen… Deiaren egileak, baina, erruki punttua ernarazi zidan eta baietz esan nion. Eta zapla bota zidan lehen galdera; ez nolanahikoa: ea zerk kezkatzen ninduen gehien, edo antzeko zerbait. Erantzuna ere neurri berekoa: hizkuntzaren estatusak. Euskararenak, jakina. Halaxe atera zitzaidan, estatusa; eta ez egoera, edo etorkizuna… Zergatik ote? Izan ere, oraindik ere euskara bigarren mailako hizkuntzatzat dute askok, eta, areago, eskubide gutxiagoko hiztuntzat baikaituzte. Euskara baztertzailea omen da, eta euskara ez dakitenen eskubideak urratzen omen dira euskara jakitea eskatzen bada hainbat lanpostutan. Hegoaldean, ordea, gaztelania jakin beharra dago, nahitaez, Espainiako Konstituzioan halaxe baitago jasota. Euskal Herrian euskara eskatzea, ordea, gehiegikeria eta inposizioa.
Euskalduntzeari bultzada bat emateko aukera paregabea da Donostiako kale eta errepide bazterrak jendez betetzea, eta, bide batez, herri harroaren irri eta orroen zirraraz gozatu.
Mugaz bestaldera egoera makurragoa da. 23.Korrikak, hain zuzen, gogoan izan du brebeta eta baxoa azterketak euskaraz egin ahal izateko gazteek daramaten borroka, eta kolektibo hori omendu du. Afera ez da atzo goizekoa, 25 urteren bueltakoa baizik. Ibilbide luzea du Korrikak ere. Bai, alajaina! Nire lehen oroitzapenak auzotik gauez pasatu zeneko edizio batekoak dira, artean nerabea nintzela. Ondo gogoan dut, halaber, Baionan bukatu zeneko lehen aldi hura, 1991n, Ipar Euskal Herriko anai-arrebekin kantari ibili ginenekoa. Urte asko pasatu izanagatik ere, oraindik hizkuntzaren aldeko ekimen erraldoiaren beharrean gaude: AEK-k gure lurralde osoan egiten duen lanaren finantzaketan laguntzeko eta euskararen aldeko kontzientziazioan eragiteko.
Honenbestez, euskararen aurkako oldarraldiari erantzuteko eta euskalduntzeari bultzada bat emateko aukera paregabea da Donostiako kale eta errepide bazterrak jendez betetzea, eta, bide batez, herri harroaren irri eta orroen zirraraz gozatu.