Donostiatik postala
5522 etxe huts. Pisu partekatuetako logela bat: 450 euro hilean, batez beste. Alokairua, hilean 1.008 euro. 60 metro koadroko etxebizitza baten urteko alokairuak 4.104 euroko igoera azken hamar urteotan. 2023an sasoiko alokairuak %32ko igoera, epe luzeko alokairua %13 jaitsi den bitartean.
Donostiako datuak dira horiek. Datuak harrigarriak dira, baina hauek bizi dituztenen testigantzak, oraindik eta lazgarriagoak dira. Egun, etxebizitzaren auziaren baitan, alokairuarekin lotutako arazoek gero eta pisu gehiago dute, errentatzaile txikiekin horietako asko.
Emantzipatzerako orduan gazteen artean normalizatuta ditugun egoerak ditugu. Erabat ohiko bihurtu da, adibidez, Gaztelagun diru laguntzatik kanpo gelditzea, jaio garen auzoetan alokairua garestiegi dagoelako. Alokairu soziala ez da alternatiba erreal bat egun, alokairuaren gurpilean sartuta bizitzea kondena luze bat da, eta etxebizitza bat Donostian erosteko aukera ezinezkoa da gehienontzat.
Gainera, hemen ere, etxebizitzarako sarbide unibertsalaren aurka, sektore kolpatuenen kanporatzeko saiakera abian jarri da: Eusko Jaurlaritzaren araudi berriak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentatik (RGI, gazteleraz) sektore zaurgarrienak kanpo utzi ditu.
Esparru judizialetatik kanpo gelditzen diren kasuak etxegabetze ikusezinak bilakatzen dira […]. Donostian, horien inguruan zer hausnartu izan behar genuke. Horien baitan kokatzen baitira legez kanpo ematen diren etxegabetzeak.
Etxebizitza Legea aurrerapen gisa salduko badigute ere, eta etxegabetzeen kontrako moratoria ezarrita dagoela esaten duten bitartean, etxegabetze judizialen %70 inguru aurrera eramaten dira, hainbat kasutan moratoria hori aplikatu ere ez baita egiten. Eta hori gutxi balitz, esparru judizial horretatik kanpo gelditzen diren kasuak etxegabetze ikusezinak bilakatzen dira.
Donostian, azken hauen inguruan zer hausnartu izan behar genuke. Horien baitan kokatzen baitira legez kanpo ematen diren etxegabetzeak edota kaleratze gisa jotzen ez diren eta Donostian ugari ematen diren hainbat kasu: etxearen kostuari aurre egin ezinda etxea utzi behar dutenak, etxebizitza errenta «malgu» edo desarautuekin (logelen alokairua edo sasoikoa, beltzean eginiko kontratuak…) lotutako kasuak…
Testuinguru honetan, alderdi nagusiak hor daude norgehiagoka batean sartuta, kezka sozial hauei ondoen erantzungo dion proposamena haiena dela saldu nahian. Joko elektoraletik haratago, eta etxebizitza unibertsalaren aldeko jarduna egin baino, denak dabiltza alokairuaren merkatua sustatu nahian modu batera edo bestera, etxebizitza eskuragarrien aitzakiapean eraikuntzaren sektoreak suspertzen, errentatzaile txikiak babesten…
Hau da Donostiako postala, badugu zer eztabaidatu.