Dragoia esna dago
Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren epizentroan gauden honetan, Donostiako Udaleko bi lanposturen bueltako azken epaia ez da kasu isolatu bat. Kate bereko beste begi bat da. Aspalditik ikusten ari gara euskararen normalizazioaren aurkako erasoak ez direla soilik diskurtso politikoan gertatzen. Kanpaina makro politiko zahar baten beste espresio bat dira, baina, kasu honetan, epaitegietatik datoz. Eta horrek agerian uzten du egungo hizkuntza politikak goia jo duela, berrasmatze bat behar duela. Ez duela guztiz balio.
Azken hamarkadetako ziklo politiko, sozial eta linguistikoaren agortzearen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak euskararen biziberritzean jauzi kualitatiboa egiteko pizkunderako deia egin zuen, abenduaren 27an. Pizkunde horren bultzada emozionalarekin batera, norabidetze politiko eta sozial argi bat behar dugu, bateratua eta antolatua, gure garairako hizkuntza politika berrasmatu nahi badugu.
Euskararen erabilera normalizatzeko egitura juridiko-instituzionalek, eredu sozioekonomikoek eta eragin ideologikoek ez dute euskara herri hizkuntza gisa biziberritzeko inertzia sortzen. Horregatik, pizkundearen klabe nagusia ez da soilik gehiago egitea, sakonki beste modu batean egitea baizik.
«Hizkuntza politika berri batek ausardia behar du. Euskararen unibertsalizazioa ez da lortzen ‘pixkanaka, inor molestatu gabe’»
Urte luzez, «oreka», «aukera» eta «borondatea» gisako hitzekin apaindu dugu hizkuntza politika. Baina Donostiako epaiekin ere argi geratu da logika hori agortua dagoela. Euskararen aldeko neurriak etengabe justifikatu behar izatea bera izan daiteke arazoaren muina. Zergatik jarraitzen dugu euskarari salbuespenaren tratamendua ematen? Euskara ez da «babestu beharreko altxor ahula» soilik; bizitza sozial osoa egituratzeko gaitasuna duen hizkuntza da, baldin eta horretarako baldintzak sortzen badira. Eta baldintza horiek ez dira diskurtsoekin sortzen, erabakiekin baizik. Erabaki politikoekin.
Horregatik, hizkuntza politika berri batek ausardia behar du. Euskararen unibertsalizazioa ez da lortzen «pixkanaka, inor molestatu gabe». Euskara eskubide gisa ulertzera iristean onartuko da euskal herritar orok duen eskubide gisa, euskaldunok dugun eskubide kolektibo gisa. Administrazioan, lan munduan, aisialdian eta kalean euskara erabiltzea ez dadila izan etengabeko borroka pertsonal bat.
Donostiako epaia kolpe bat gehiago izan da. Baina kolpeek esnatzeko balio beharko lukete. Euskararen biziberritzeak jauzi politiko eta sozial bat behar du. Eta jauzi hori ez bada orain egiten, noiz egingo dugu? Batzuek diote ez dugula dragoia esnatu behar. Baina oker daude. Kontua da dragoia aspalditik esna dagoela, eta gure kontura barrezka.
