Drakula, banpiroak, zonbiak... eta Sonia Monroy
Aritz Sorzabal, kazetaria.
Domu Santu Egunaren etorrerarekin, ilunpetik irten da Sonia Monroy. Egia da aurtengo Eurokoparen bezperan, aspaldiko partez, berragerpena egin zuela bizidunen munduan, Interviu aldizkariko azala izateko, baina dagoeneko ez da bere garaian izandako pertsonaia mediatikoaren itzala ere. 41 urte ditu, eta gaueko azpimunduan adinak ez du barkatzen.
Bada, Drakula, banpiro eta zonbien artean ikusi dugu berriro; fikziozkoak kasu honetan, Bartzelonako edo Madrilgo gauetan ikus daitezkeenak ez bezala. Hain zuzen ere, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea dela eta, Monroy Serie B filma aukeztera etorri da Donostiara. Romario eta Kluivert futbol jokalariekin ibilitako ninfa, ordea, triste itzuliko da etxera oraingoan; goi mailako futbolaririk ez du topatu bere bidaian, Realak Kopako partida baitzuen Kordoban, Nuevo Arcangel estadioan.
Emaitzak emaitza, andaluziarrekin ez ezik, txuri-urdinekin ere esker onekoa izan da Kordobako futbol zelaia babesten duen aingerutxoa. Monroyren tentakuluetatik urruti mantendu ditu donostiarrak, tentazioan eror ez zitezen, euren arima deabruari sal ez ziezaioten, euren bizitza gorputz kirurgiko bat gozatzearen truke hipoteka ez zezaten. Hori bakarrik falta zitzaien realzaleei; jokalariak futbol zelaitik kanpo albiste iturri izatea, berdegunean bizirik ote dauden zalantzak daudenean.