'DSS2016 zentsuraren hiria'
Lekurik gabe, denborarik gabe. Giltzapekoak erakusketaren komisarioak Donostia 2016 Fundazioak euskal preso politiko eta preso ohiek egindako artelan batzuk zentsuratu dituela salatu zuen iragan ostiralean.
Donostia 2016ko zuzendari Pablo Berastegiri galdegin zitzaion zentsura honen arrazoia artelan hauen egileak esparru konkretu batekoak izateagatik ote zen, honek preso politiko zein ohien artelanak zirela erantzuteari ihes egin zion. Aldiz, kultur hiriburuko iturrietatik baieztatu zuten muturreko zentsura hau. Artelan hauen falta zatar papera erabiliz nabarmendu nahi izan dute bertako komisarioek.
Denis Itxasok Berastegiren hitzak “bere” egin zituen, eta ondokoa argudiatu zuen: “Terrorismoaren biktimen sentsibilitatea mindu dezaketen autoreen lana erakutsiz, zauriak sendatzeaz, memoria eta terrorismoaren biktimei errespetua izateaz hitz egiten dugunean egiten ari garen bidearen kontra joan gintezkeela pentsatu dugu”.
Arazoaren funtsa ez dago preso politiko eta ohiek egindako artelanen edukian, beraien status politikoan baizik. Esparru politiko soil batetik eratorritako artelanak zentsuratuz, urteetan preso politikoen statusa onartzen ez zuen teoria pitzatzen da alde guztietatik.
Biktimak badaude, bai, kolore guztietakoak. Terrorismoaren biktimak dauden gisa, genero indarkeriaren biktimak daude, estatu terrorismoaren biktimak, dispertsio politikak eragindako biktimak… eta denek, errepikatzen dut, denek ditugu gure sentsibilitate eta aurreiritziak. Aitortza faltak batzen gaitu, ordea, besteak. Ez dugu trataera hobeago bat eskatzen, bidezkoa baizik.
Baina, antza denez, adierazpen askatasunak mugak ditu. Horrela hitz egin zuen Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Markel Olanok, artelan hauen erretiratzea “%100”-ean babestu ondoren. Adierazpen askatasuna Sabin Etxetik eta euskal oligarkiatik baitator. Olano jauna, zuk hauta dezakezu zer den “ona” eta zer “txarra”? Hori bai aurpegia Olano jauna.
Donostia 2016ren helburua “kultura tresna gisa erabiliz, elkarbizitza hobe bat eraikitzean” datza, horrela dio bere programak. Baina zuek kultura arma gisa erabili duzue gatazka politiko honen irakurketa hutsal eta okerra txertatzeko.
Eta horregatik, ezin dugu egoera honen aurrean besoak gurutzaturik egon, batzuen sufrikarioa baztertzen denean eta, zentsuraren bitartez, preso politikoen eta preso ohien adierazpen askatasun eskubidea urratzen denean. Euskal gizarteak aldarrikatzen duen normalizazio politiko eta sozialerako oztopo zarete.
Pedro Estonba Larraza (Donostiako preso politikoen senideen izenean)