Duñike Agirrezabalaga: 'Emakumeen aurkako indarkerietatik aske'
Emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako nazioarteko lehenengo eguna 1981ean ospatu zen eta, tamalez, bide luze bat segi behar dugu oraindik indarkeria mota hau guztiz desagerrarazteko. Ez dugu ahaztu behar bortxakeria emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunaren adierazgarririk latzena dugula, eta, ondorioz, bigarrengoan sakon egin behar dugu lan lehenengoa gerta ez dadin.
Berdintasuneko Zinegotzigoa jaso bezain laster, geure gizarteko gaitzik nagusienetako honen kontra lan egiteko konpromisoa hartu genuen. Izan ere, zaila da hildako biktimak ez dituen egunak aurkitzea, eta argi zegoen lanean jarri behar genuela arlo honetan.
Aditu guztiek bat egiten dute gazteen artean prebentzioa metodorik eraginkorrena seinalatzean. Hori dela eta, pasa den urrian San Telmo Museoan, Indarkeria Matxista Nerabezaroan jardunaldia antolatu genuen, non hezitzaile, irakasle, Berritzeguneko langile, aisialdi talde, gazte-elkarte, talde feminista, eta Kultura eta Kirol elkarteetako arduradunek euren esperientziak azaldu eta irtenbideak proposatu zituzten. Lortu nahi genuen nerabeak kontziente izatea genero indarkeriak eta tratu txarrek har ditzaketen askotariko formez, eta hauek dentifikatzeko gai izatea.
Topaketa honek onarpen zabala izan zuen, eta zalantzarik gabe, errepikatuko den jardunaldia izango da. Aurten, ospakizun egun hau eta oihartzun mediatiko handiko epaiketa bat, La Manada taldearen kontrako epaiketa, batera gertatu dira. Ildo honetan, matxismoz beteriko erabaki eta adierazpen harrigarri batzuekin, bistakoa da geure eginbeharrak izugarrizkoak direla. Dena den, itxaropenerako lekua ere badago, emakumeok geure artean babestu ahal izateko sortu ditugun Nik sinisten dizut eta Gu gara La Manada mugimendu espontaneoekin. Gogor eutsi egin behar diogu horri; ezin da galdu lortutako ahizpatasuna.
Nik berdintasunean bizi garen mundu batekin egiten dut amets, eta urteko 365 egun pasako ditut lanean hori gerta dadin. Gaur dugun azaroaren 25a eta hurrengo martxoaren 8a aldarrikapen egun oso indartsuak dira; hain zuzen ere, ikusgarri egiten da emakumeok soilik emakume izateagatik bizi dugun problematika. Baina arreta, prebentzioa, babesa, justizia eta erreparazioa egunero landu behar dira. Eta Emakumeenganako indarkeriari dagokionez, batez ere, gizarte guztiaren eta agente sozial guztien deslegitimazioa eta arbuioa ikustea behar-beharrezkoa da.
Duñike Agirrezabalaga, Berdintasun zinegotzia