Egiak
Egungo garaian, egia aurkitzea zaila da, batez ere ikaragarria eta iraultzailea denean. Jakina, egia erlatiboa izan daiteke, baina boteredunaren mezu nagusiaren aurrean makurtzen ez denean, deserosoa eta menderaezina bihurtzen da. Eta egiak sustraiak Donostiako langilerian dituenean, umila bezain zintzoa izan daiteke.
Gaur, luzaroan isilpean gorde beharrekoa izateagatik zigilu gorria jarria izan duten kontu batzuk zabaldu nahi ditugu, agintzen dutenek honen aipamenik ez zutelako egin nahi. Eta aipatuko ditugun erreferentzia batzuk ziurrenik harrigarriak irudituko zaizkizue.
Egia honen eramailea Donostiako CNT eta FAIko kide bat dugu. Izena Roberto Lago Bozas zuen, San Jeronimo kaleko 23. zenbakian bizi zen (Parte Zaharrean, hortaz) eta ogibidez pilotua zen (El piloto gisa ezagutzen zuten). Ezkonduta zegoen eta bi seme-alaba zituen, seme bat eta alaba bat. Bere biografia aintzat harturik, egia osatzen duten sekretu deserosoak argitara atera ditugu, baina zintzoak izanik, bere argazkiari gertatzen zaiona guri ere gertatzen zaigula onartu behar dugu, bere argazkia denboran zehar lausotu egiten baita. Klandestinitatearen ezkutuko bizimoduak ezarritako hormatzarra eta urteen igarotzea oztopo handia izan dira, eta gertaera ugari galdu ditugula badakigu. Ez dakigu noiz, non eta nola hil zen, baina ez dugu etsiko eta gaur egun ez dakiguna jakiteko ahaleginean jarraituko dugu. Denbora eta lanaren poderioz, agian, noizbait jakingo dugu.
Agirre lehendakariaren Jaurlaritzak, Francoren diktaduraren aurka borrokatzeko, ezkutuko erakunde armatu bat sortu zuen, Indarka izena zuena
Izan ere, Defentsa Konfederaleko taldeetako batean zuen arduraren ondorioz, Gros auzoan lokal bat alokatu zuenean, historian utzitako bere distira agertu egiten zaigu. 1934ko borroketan bete-betean parte hartu zuen. Gerla garaian CNTko Reserva eta Isaac Puente batailoietan kapitain izan zen. Santoñan preso hartu zuten, eta epaiketa militar batean, hogei urte eta egun bateko espetxe zigorra eman zioten, “matxinada militarrari laguntzeagatik”. Geroago, langile batailoi batera bidali zuten eta, besteak beste, Irunen, Lezon eta Oiartzunen egon zen.
Eta, azkenik, erbestera alde egin zuen. Orain arteko kontakizuna gudari eta miliziano ugarik pairatu zuten patua da. Baina, orain, egiaren garaia dator.
Euskadiko CNTk erbesteko Eusko Jaurlaritzan parte hartzen zuen. Aipatzeko garaia da, eta 1940ko hamarkadan anarkistek Eusko Jaurlaritzari diru ugari eman ziotela aipatuko dugu. Eta hau argi eta garbi esaten dugu. Askotan gutxietsitako anarkistek, beraien ahalegin ekonomiko eta militantearen bidez, Jaurlaritza sostengatu zuten. Harrigarria da, ezta?
Baina, hau ez da dena, beste kontu garrantzitsu bat ere aipatu behar baita. Agirre lehendakariaren Jaurlaritzak, Francoren diktaduraren aurka borrokatzeko, ezkutuko erakunde armatu bat sortu zuen, Indarka izena zuena. Erakunde honetako bi kide aipatuko ditugu, Kepa Ordoki eta, jakina, Roberto Lago. Erakunde honetako kideak EAJ, ANV, Jagi-Jagi eta CNTkoak ziren. Indarka izeneko erakunde honek ekintza armatuak burutu zituen, baina ez hau soilik, muga igarotzeko lanak, propaganda ekintzak, diru lapurretak eta honelakoak ere burutu zirelako. Erakunde hau 1950eko hamarkadaren hasierara arte indarrean egon zen.
Agirre eta Leizaola lehendakarien eta gure arteko amildegi ideologikoa ikaragarria zen, baina gure herria askatzeko borrokan CNTren ekarpena aintzat hartu zuten
Bulego dotoreetatik historia modu goxoan berridazten dutenentzat, hau egia deserosoa dela badakigu, baina hau, batez ere, justiziarekin izandako zorra kitatzea da. Agirre eta Leizaola lehendakarien eta gure arteko amildegi ideologikoa ikaragarria zen, baina gure herria askatzeko borrokan CNTren ekarpena aintzat hartu zuten.
Roberto Lagori egia hau zor genion, eta CNTko kide honek egindakoaren berri Felix Likinianok eta Casilda Hernaezek Miarritzeko beraien etxean gordetako agirietan bila aritu ondoren jakin dugu, Felix eta Casildaren senideek agiri horiek utzi zizkigutelako.
Eta herri honetan, batzuek nahi ez badute ere, egiak ere konfederakundearen kolore gorria eta beltza du.