Egiari zor
Hirurehun urteko tarteak banatzen baditu ere, elkarrengandik gertuegi daude abuztuaren 31 eta irailaren 6a, zentzurik zabalenean. Eta hala, bi momentu historikoren ospakizunekin hasi dugu ikasturtea. 1813ko sarraskia gogoratzeko asmoz, Donostia erdialdeko kaleetan gizonak soldaduetara jolasean ari zirela joan zitzaigun abuztua beste behin. Eta 1522ko mundu biraren amaiera zela eta, Elkanori gorazarreka eta bere irudia garbitzeko saiakeraz beteta iritsi ginen irailera. Biak ala biak, gure iragan epikoa goraipatzeko bi mugarri balira lez ospatuak.
Ospakizun hauen bidez, benetan izandako gerra, sarraski eta kolonizazio prozesuetako gertakariak fikziozko pelikuletako gidoi bilakatzen ari gara. Eta jakin badakigu, zine komertzialean istorio guztiek ez dutela ondo ematen, eta ez dutela etekin bera produzitzen. Nahi ditugu salbatzaile eta heroi izango diren gizon, zuri eta boteretsuen istorioak. Eta ez, berriz, bortxatutako, eraildako eta arpilatutako kide eta herrienak. Eta premisa honek zinerako balio badu, antza, berdin balio du gure kaleetarako. Beraz, hortxe soldaduz jantzitako gizon salbatzaileen antzerkiak, edota Elkano heroiaren inguruko irakurketak.
Baina, dena dela, larriena ez da errepresentazio hauek egitea, memoria historikoa balira bezala egitea baizik. Errelatoa gutxi batzuen neurrira ari da eraikitzen, gure iraganari epizidadea emateko baliatuz, eta egiari erreparatu gabe. Besteak beste, historiari begira hasiko bagina, erantzukizuna hartzea tokatuko litzaigukelako akaso; eta, beraz, erosoagoa delako istorioak asmatzea, historia kontatzea baino.
Baina honaino iritsita, zer ospatzen dugun, zer gurtzen, eta nor eta nola gogoratzen dugun pentsatzen hastea dagokigu; orain arteko kontaketa zalantzan jartzea, eta gure iraganaren inguruko errelato kritikoak sortzea. Kontua ez da, beraz, oroitzeari uztea, baina memoria kolektiboko ariketa zintzo bat egitea zor diogu gure buruari.