Egokitzeko gaitasuna
Muturreko egoeratan azaleratzen dira norbanakoaren zein gizartearen berezko izaerak, eta COVID-19aren krisiak agerian utzi dituen jokamolde ilun eta argitsuen artetik, bada asteotan bereziki harritu nauen gure ezaugarri bat: gizakiok egoera berrietara egokitzeko gaitasun izugarri bat dugu. Eta izugarria dela diot, izutzekoa ere izan daitekeelako.
0 fasearen ezarpenak, konfinamenduak bezala, astetik astera aldatzen den egoera berehala asimilatzeko eta dekretuz aginduriko baldintza berriak obedienteki betetzeko gai garela erakutsi digu. Hori da behintzat Kontxako pasearien zenbatzaile elektronikoak dioena, Fernando Simon bera hunkituko lukeen kurba ‘gameluoide’ horrekin, eta nik sinesten diot.
Sinesten diot, ikusi egin dudalako. Duela hiru hilabete ezinezkotzat joko nukeena errealitate nola bilakatu den ikusi dut. Lekuko zuzena izan naiz, denok bezala, gero eta surrealistagoa dirudien historiako garai aldakor honetan.
Izan ere, nork esango zukeen euskal gizartea etxean 40 egunez giltzapetuta egoteko eta kalera soilik erosketak egitera irteteko gai izango zenik? Nik ez behintzat, aitortzen dut. Baina kontua da baietz, izan dela, eta ni, era berean, pozik oker egoteaz. Arduraz eta esfortzu handiz, gurean sekula ikusi ez den zerbait egiteko gai izan garelako, eta hori harro egoteko modukoa delako.
Baina, bestalde, hainbeste atsegin ez ditudan gauzak ere ikusi ditut asteotan, eta ingurugiro berrietara egokitzeko joerarekin, horietara ere ohitzeko arriskua inoiz baino gertuago sentitu dut. Estatu poliziala, etxeratze aginduak, nonahiko beldurra eta tentsio soziala… Hotzikarak sortzen dizkidaten gauzak dira, eta horietara egokitzeak inolako onik egingo ez digula iruditzen zait. Nik oso argi daukat: darwinismo sozialak dakarkiguna hori bada, eboluziotik jaisten naiz, eta jauzi batez gainera.
Herritar gisa, ardura indibidual eta kolektiboa alboratu gabe, dena zalantzan jartzea dagokigu. Gaitasun kritikorik gabe, edozertara egokitzeko dugun gaitasuna gure ahultasun handiena bilakatu daitekeelako. Jarri dezagun dena zalantzan, beti, gertakarien eta ezohiko neurrien zurrunbilo honetan guk geuk eginiko zulo baten iluntasunera ohitzen ari ez garela bermatzeko.
Normaltasun berrirantz goazela diote, eta badakit euskaldunok horretara ere egokitzeko gai izango garela. Ez dut horren zalantzarik. Etorkizunean normala zer izan daitekeen, aldiz, ez daukat batere argi. Eta horrek gero eta gehiago kezkatzen nau.