Egun berean, toki berean
Espero baino azkarrago aritu ginen, eta ia bi orduko lan gogorraren ondoren, gustura joan nintzen etxera, atseden hartzera. Goiza luzea izan zen, betiko egunean eta betiko orduan hasi eta bukatu zena, baina ziur nago berriro ere errepikatuko dudala.
Izarren hautsa egun batean, bilakatu zen bizigai jo zuen nire iratzargailu modernoak igande goizean. Gau txarra pasa nuen, urduri nengoen, ea lo hartuko nuen beldurrez. Ohetik 7:00etan jaiki nintzen, Fortunako txandal erosoa jantzi, eta Loiolatik Erdialdera abiatu nintzen motorrean. Kaleak ia hutsik zeuden. Ez nintzen harritu. Motorra utzi eta Bulebarreko kioskora iritsi nintzenerako, han zeuden nire taldekideak; aurpegi tristea zuten gehienek, eta hitz egiteko gogo gutxi, goizegi zen eta. Askatasunaren hiribidean hartu genuen autobusa Behobiara elkarrekin joateko. 8:30erako han ginen, irteeran. Goizegi zen edozertan hasteko. Postu batean kafe beroa hartu genuen, eta etxetik eramandako bi gailetak jan nituen. Dagoeneko gosalduta, lanean hasteko moduan ginen.
Hamabi urterekin hasi nintzen ikastolan boleibolean jokatzen. Behin ikastola utzita, ordea, Fortunara jo nuen nire lagunekin batera. Bertan jokatzen daramatzat azken hamar urteak, eta hamar urte daramatzat egun berean ordu berean jaikitzen. Bolondres askoren lanari esker antolatzen baita urtero Behobia-Donostia. Boleibolekoek motxilak izaten ditugu gurutzebide. Izan ere, milaka eta milaka korrikalarik parte hartzen duten moduan, milaka eta milaka motxila izaten dira. Behobian jaso, eta jabeak helmugara iristerako han izaten dira txukun-txukun, bakoitza dagokion zenbakikoekin, Gipuzkoa plazako arkupetan.
Ez da lanik astunena izango, baina neketsua da. Edonola ere, sistema hobetu egin dute urtez urte, eta orain hobeto moldatzen gara. 51 eta 55 zifretan bukatzen ziren dortsalen motxilak jasotzen aritu nintzen, kamioi batean igota. Egia esan, ez nituen korrikalarien aurpegiak ere ikusi, zenbakiak bakarrik begiratzen nituen. Lan nahikoa nuen motxilak tetris moduan atontzen, nire gainera erori ez zitezen. 10:15ean kamioia itxi genuen.