Egunero da
Urtean egun batez ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna, abenduaren 3an. Horren bueltan, askotariko jarduerak antolatu ohi dituzte erakundeek eta herri eragileek Euskal Herriko auzo, herri eta hiri ugaritan, euskararen aldeko aldarrikapenak egiteko, baina baita euskara jai giroan bizitzeko ere. Korrikarekin eta Euskaraldiarekin batera, euskarak duen mugarri garrantzitsuenetako bat da.
Ordea, topiko bat bada ere, kasu honetan egia da: egunero da Euskararen Eguna; hala beharko luke izan, behintzat. Zeren, hizkuntza gutxitu bat den heinean, egunero sustatu behar da; egunero borrokatu behar da bere normalizazioaren alde.
«Euskararen Eguna ospatu behar da, baina are beharrezkoagoa da egunero ekarpenak egitea. IRUTXULOKO HITZAn zentzu horretan egiten dugu lan»
Eskubideak lortzeko bidea oso malkartsua eta luzea delako, baina lorpen horiek galtzeko bidea ez da halakoa: erabaki politiko eta toga kolpe batzuk baino ez dira behar, pribilegioak galdu nahi ez dituzten horien kanpainez lagundurik. Bai euskarari dagokionez, bai beste hainbat arlori dagokienez.
Euskararen Eguna ospatu behar da, baina are beharrezkoagoa da egunero ekarpenak egitea. Askotarikoak izan daitezke: lehen hitza euskaraz egiten saiatzea, euskara ikasteko pausoa ematea, euskara ikasteko erraztasunak jartzea, euskal kultura kontsumitzea, auzoetako euskara batzordeetan antolatzea, hizkuntz eskubideak defendatzea, mobilizatzea, erakundeei konpromisoa exijitzea, gure bizilagunekin egiten saiatzea, eta abar.
IRUTXULOKO HITZAn zentzu horretan egiten dugu lan. Garaiaren kronika behetik gora egin nahi dugu, eta, horretarako, guretzat ezinbestekoa da tokikotik eta euskaraz lan egitea. Horrela, euskararen normalizazioaren aldeko gure ekarpena Donostia den horretan kontatuz egin nahi dugu, eta horretarako, ezinbestekoa dugu zure babesa. Bakarrik ezin delako, baina saretuta eta elkar babestuta bai.