'Egungo futbolaz'
Xabier Vazquez, realzalea
Aurreko Anoetako partida ostean Jon Odriozola harrituta geratu zen almeriarrak Realekoak baino hobeto moldatu zirelako uretan plisti-plasta. Harrigarria, bai, urtean zehar bertan entrenatzen dutenak baino hobe moldatzea Almeriako jokalariak, baina hainbesterako ere ez da, jokalarien jatorriari erreparatuta gutxi baitira Almeria-Almeria bertakoak. Etxanizek ez zuen talde madrildarrik, baina horren ordez idatzia utzi zuena honakoa izan zen: mundu guztiaren aurrean aritzea bezalakoa zela Bernabeun aritzea. Are gehiago esango nuke nik, Dupont anaiaren moduan: Bernabeun aritzea mundu guztiaren aurka egitea bezalakoa da. Ez diot bakarrik askotan zaleen, arbitroaren, komunikabideen… aurka aritu beharragatik, baizik eta egungo futbolean, Real Madrid mundo osoko selekzio baten modukoa baita. Pentsa, lehen talde hauek izar batzuk zituzten, eta jokalari onak eta ez hain onak. Egun ia denak dituzte izar. Eta hau da sustatzen den futbol eredua. Almeriari eta Realari berari jokalariak ekartzeko aukera ematen diona, baina beste batzuei askozaz gehiago. Hala ere, ez pentsa batzuen errua denik soilik, gehienetan zaleak, Realekoak edo beste taldeetakoak, gara eredu honen alde egiten dugunak, geure eskaera zentzugabeekin: 1. Urtero 3-4 fitxaketa berri nahi ditut, eta jokalari onei nahi dutena eman taldeari eusteko 2. (Zentzuzkoa oso, lehenengoa eskatu ez baduzu) Nik ez dut dirurik jarri nahi! Beti zaleok jarri behar al dugu dirua? Azkenean telebistak nagusi eta klubak zorra pilatzen. Igandean, Osasuna izan genuen aurkari. Bazituzten etxekoak, baina asko Bilbon dira. Partida aspergarria izan omen zitzaien batzuei. Tira, ez dakit zer espero zuten. Futbola halakoa da, Barçaren marrazki bizidunetatik haratago. Eta bi zale multzo, beren koloreetako kamisetadun jokalariei begira. Horra futbola zer den. Halako pitokeria, hori baino gehiago ez, hori baino gutxiago ere ez. Ez ditut munduko jokalari onenak behar horretaz gozatzeko, eta nik behintzat eurei ordaintzeko gogo biziegirik ez dut.


