EH Bilduk gune ibiltari bat prestatu du donostiarren iritziak jasotzeko
Bilduk galdetegi bat prestatu du hainbat gaien inguruan eta azken bi urteotan egin dituzten aldaketei buruz herritarrek duten iritzia jaso nahi du.
Horretarako, Donostiako hondartza eta auzoetan barrena ibiliko da EH Bilduren jaima berdea udan, herritarren iritziak bilduz. Ainhoa Beola, alderdiko ordezkariaren arabera, “EH Bilduk herritarrekin eta herritarrentzat garatu nahi ditu bere politikak Donostian, eta abian jarri dugun dinamika hau horretarako tresna izatea nahi dugu, herritarren kezkak, gogoak eta beharrak bilduz”.
Igeldoren inguruko jarrera
Herritarren kezkak jasotzeko lan horretan, “Igeldotarren nahia errespetatzeko” eskatu die Bilduk PP, PSE-EE eta EAJri.
“EH Bilduko kideok, ordezkari politiko eta donostiar gisa, igeldotarrek libreki erabakitzen dutena erabat errespetatu behar dugula uste dugu. Printzipio demokratikoek, herritarren borondatea errespetatzera behartzen gaituzte, kasu honetan ere. Prozesu hau guztia, elkarbizitza eta errespetu ariketa natural gisa ulertzen dugu. Ordezkari politikook, ez dugu inolako eskubiderik igeldotarrei haien borondatearen kontrako estatusa inposatzeko», azaldu du Beolak.