Ekialdeko barrutia: itxuratik harago zer?
2015eko apirilak 13an, Donostiako Udalak hirian osatu nahi zituen lau barrutiak arautzen zituen araudi organikoa argitaratu zuen, barne Ekialde Barrutia. Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako zenbait elkarteek ia bi hamarkada bilera eta aldarrikapenetan pasa eta gero. 2018ko ekainean hauteskunde prozesua bete eta gero Ekialde Barrutiko junta abian jartzen da. Argitaratutako araudiak dionez batzorde hauek kontsultarako besterik ez dira, ez dituzte elkarteek eskatzen zituzten eskumenak eta ez dira erabakigarriak barrutiarentzat erabakitzen den aurrekontuari buruz, horrela hasieratik ez ziren betetzen elkarteen eskakizunak.
Hala ere, elkarteek hauteskunde prozesuan parte hartzea erabaki genuen, pentsatuz partaidetza gune berri honek agian Altza udal zaharreko eremuan dauden harremanak indar zitzakeela, eta era berean, uztartu elkarteen arteko lana ditugun arazo berdintsuen aurrean, kasu batzuetan hiriko beste zenbait guneetan daudenak baino larriagoak izanda hauek.
Barrutiko batzarra, oraintxe jardunean dena, zortzi elkarteen ordezkaritzarekin osatu zen, lau auzo elkarteen izenean (Herripe, IZBE, Intxaurdi, Osteguna) eta lau sektorialak (Altzako Historia Mintegia, Auzoa, Emanhar, Plazandreok) eta alderdien zazpi ordezkariekin, bi PSE-EE (lehendakaritza), bi EAJ-PNV (lehendakari ordea), bi EH Bildu, PP bat eta Irabazi hitzarekin baino bozkarik gabe. Alderdien artean hiru emakume dira eta bi elkarteen izenean, horrela emakumeen presentzia %30ekoa besterik ez da.
Ibilbidea oso motza izan da, hamabost hilabetekoa besterik ez, justu aurreko udal legealdiaren azken urtea. Benetan motzagoa izan da, tartean 2018ko uda eta 2019ko (uztaila, abuztua eta iraila) izan ditugu eta justu azken hiru hilabeteetan ez da bideratu batzarreko deialdirik. Nahiz eta denbora laburra izan elkarteen parte hartzea eraikitzailea, dinamikoa eta oso bizia izan da.
Inplikazio horren ondorioz bost lan talde osatu ziren, lau taldeetan ardura, elkarteen ordezkarien gain geratu zen eta azkena EH Bilduren ordezkari baten esku: 1. Diagnostikoak, 2. Hirigintza, Irisgarritasuna eta eremu publikoak, 3. Partaidetza eta Komunikazioa, 4. Aurrekontuak eta Egituraketa, 5. Berdintasuna. Ibilbide motz honetan parte hartu dugu lan taldeko hamabi bileretan, batzarreko zortzi saioetan eta bi batzar irekietan. Esfortzu garrantzitsu honen balorazioa egiteko orduan argiak eta itzalak ikusten ditugu.
Alderik positiboenean onartu zen aurrekontu parte-hartzailearen zati bat, 370.100 euro, batzarreko elkarteetatik proposatutako proiektuetara bideratzea. Aipatzekoa da 2019ko aurrekontu-gastuari buruz egindako proposamen guztiak batzordean adostu direla, negoziazio eta adostasun prozesuen bidez, bozketara jo beharrik gabe. Esparru horretan, 23 proposamen onartu dira, baina gauzatu zain daude.
Inguruko elkarte-ehuna indartzeari dagokionez, aurrekontu parte-hartzaileko proiekturik bozkatuenetan txirikorda bat egiteko proposamena onartzea erabaki zen, auzoen arteko gastua orekatzeko asmoz.
Era berean, barrutiko elkarte guztiei irekitako sei bilera egin dira, prozesua baloratzeko eta batzarrean aurkeztu beharreko proposamenak adosteko. Horietako batzuetan beste auzo elkarte batzuek parte hartu dute, hala nola Santa Barbarako Elkartasuna eta Oleta elkartekoek, baita Intxaurrondo Berri Emakumeen Elkarteak ere.
Batzordearen funtzionamendua arautzen duen barne araudia landu eta onartu zen, baina ez ziren onartu herritarren eragina handitzeko egindako proposamenak. Batzordeko lehendakariak lan taldeetara eta bileretara joateko aukera eman du, Etxegintza, Hirigintza, Mugikortasun, Dbus eta Obra eta Proiektuetako Zuzendaritzako teknikarien eta politikarien zuzeneko informazioa lortzeko. Era berean, bi pertsonako talde teknikoa izan dugu, eta beste bi kontratatu dituzte sei hilabetez.
Etxegintzaren eta Bulego Estrategikoaren aldetik barrutiko auzoen egoerari buruzko bi diagnostiko ere egin dira, eta Diagnostikoen lan taldeak egindako sintesi bat ere gauzatu da. Horrela, hainbat gizarte-eremutan gure auzoak hiri osoarekiko ahulagoak direla erakusten duten adierazleak daude, baita genero-desberdintasun nabarmenak ditugula ere. Batzarreko azken bileran egindako kronologiaren arabera, azaroan bi saio parte-hartzaile egitea aurreikusita dago, eta horien emaitzak legealdi berriko planerako eta gobernu berrirako oinarri izango dira.
Dimentsio komunikatiboari dagokionez, dagokion lan taldea komunikazio plan bat egiten saiatu da eta udalak webgune bat egin du Ekialdeko Barrutiko informazioarekin.
Nahiz eta emaitza horiek aipatu, esperientzia honetan identifikatu ditugun itzalak oso garrantzitsuak dira etorkizunean barrutiaren funtzionamendua behar bezala garatzeko. Tamalez, koordinaziorako eta erabakitze arin eta eraginkorrerako udal egitura politiko eta tekniko baten falta identifikatu dugu.
Parte hartze formula horretaz guztiz konbentzituta ez dagoen Udal Gobernu bat antzeman dugu, eta udal gobernuaren desadostasunak barne funtzionamendura eraman dituzte behin baino gehiagotan, horrela eguneroko lan dinamikak oztopatuz.
Erakunde honen izaera aholku-emailea eta elkarteen jarrera eraikitzailea izan arren, udal arduradunen beldurra ere sumatu dugu herritarrek ohikoa baino zabalagoa izan daitekeen parte hartzeko organo bat garatzeko orduan.
Beste aldetik, elkarteen proposamenetatik abiatuta egindako diagnostikoak oraindik ere ez dira nahikoak Altza, Intxaurrondo eta Bidebietako jendeen benetako beharrak antzemateko. Gainera, genero ikuspegia ia ez da existitzen, eta datuen eskasiak emakumeei eragiten dieten desberdintasunak murrizteko irtenbideak bilatzea oztopatzen du.
Horri gehitu behar zaio batzarrean onartutako 23 proposamenetatik oraindik ez dela bat bera ere gauzatzen hasi, eta ez digutela haien egungo egoeraren berri eman hiru azken hilabeteetan, denbora horretan ez dute batzarra biltzera deitu nahiz eta jarduneko egoeran egon.
Udal proiektu garrantzitsuak egiten jarraitzen dute gure auzoetan, barrutiak gutxieneko informaziorik jaso gabe. Barrutiari buruzko informazio eskasa desagertu egin da udalaren webgunearen hasierako orritik, duela hilabete batzuk jarri bazuten ere.
Postaz baino ez digute jakinarazi Batzordeko Presidentetza eta Lehendakariordetza aldatu direla eta hauteskunde aldi berria hasi dela.
Joan den astean, irailaren 30erako deitu gintuzten jarduneko batzordearen izaera ematen ez zaion bilera batean parte hartzera. Onartutako proiektuen egoerari buruzko dokumentazioa aldez aurretik helarazteko eskatu genuen, eta ezinezkoa izan zen ezer bideratzea, proiektu horietan lanean ari zirelako. Bileran, dokumentu ugari aurkeztu zitzaizkigun, gutxi landuta eta zehazteke kasu gehienetan, eta horrek ezinezko egiten zuen inongo azterketarik egitea momentu horretan.
Azken batean, pentsatzen dugu jarduteko modu hau ez dela egokia izaten ari erabaki politikoak herritarrengana hurbiltzeko asmoa duen partaidetza-espazio bat bultzatzeko. Guztiz kontrakoa, belaunaldi helduen artean sinesgabetasun eta higadura jarrerak indartzen ditu, eta emakume eta gizon gazteenen belaunaldiak uxatzen ditu.
Barrutiaren eraketak herritarron partaidetzan eta tokiko beharren asetzean abantailak ekar ditzakeela uste dugu, baina, horretarako, bidea jorratzera animatzen ari direnak zaintzeko, eta hartzen diren erabakiak irmotasunez aurrera eramateko konpromisoari eutsi behar zaio.
Herripe, Intxaurdi, IZBE, Osteguna, Altzako Historia Mintegia, Emanhar eta Plazandreok (Ekialdeko Barrutiko elkarteak)