Ekialdeko Barrutia, parte-hartze hutsala
Duela bi urte barrutia eratzeko prozesua abiarazi zenean, argi genuen barrutia ez zela Altzako Udala berrezartzea, eta, barrutiaren egituraketagatik beragatik, eskumen eta ahal gutxi izango genituela, altzatarron bizitzan aldaketa eraginkor eta sakonak gauzatzeko. Edozein kasutan, Altzak behar duen burujabetza eskuratze bidean, hastapen bat izan zitekeela ikusi genuen.
Jada barrutiak bi urte badituen honetan, ordea, balantzea ezin da ilunagoa izan. Barrutiak berez dituen muga administratiboen gainetik, agerian geratu da Donostiako Udalaren eguneroko funtzionamenduan barrutiak ez duela lekurik. Udalarentzat barrutia udaletik at dagoen erakundea da. Ente arraro bat. Eta azken hilabeteetako osasun eta ekonomia krisiak ezin ageriago utzi du hori.
2019. urtean 23 proiektu onartu zituen Barrutiaren Batzarrak, 2020. urtean 47 proiektu aurkeztu zituen. Elkarteak ordezkatzen ditugunok den-dena jarri dugu proiektu hauek garatzeko: motibazioa, ideiak, ekimenak, bilera amaigabeak eta zeregin ugari, baina ibilbide honetan behin eta berriro aurkitu ditugu oztopo politiko, tekniko eta administratiboak udal departamentu guztietan, eta ez dugu proiektu bat bera ere gauzatzea lortu.
Gaur egun ez dakigu zer gertatuko den 2019an onartutako aurrekontuarekin, ezta 2020rako aurreikusitakoarekin ere, udalak ez baitigu jakinarazi. Impasse egoera erabatekoan dago barrutia martxoaren 14tik hona, apiriletik uztaila bukaera arte batzar eta lantalde bilerak gauzatu ditugun arren.
Donostiako Udalak barrutiaren existentzia barneratu behar du, eta bere egunerokotasunean prozedurak eta egiturak moldatu, barrutiak benetako eraginkortasuna izango badu, eta onuraren bat ekarriko badu.
Barrutiko partaideek ere badugu lana, egin den lana eta egiteke geratzen dena jendeari zabaltzen. Barrutiak tresna eraginkorra izan nahi badu, herritarren ongizatean eragin behar du, eta hori lortzeko ezinbestekoa izango da altzatarrek barrutia konfiantzazko eta gertuko tresnatzat hartzea. Lan hori barrutiko partaideei dagokigu, noski, baina udalak ere bere aldea egin behar du.
Benetan altzatarron bizi kalitatean eragin positiboa izango duen erakunde bat eratu nahi bada, ezinbestekoa izango da udalak seriotasunez hartzea, barrutiaren ezagutza formalaz haratago, benetako eskumenez hornitu, eta eguneroko jardunean txertatzeko. Horrela ez bada, eragileon parte-hartze modua eta partaidetza bera ezbaian jarri beharko genukelakoan nago.