Ekipamenduak
Gure jarduerak aurrera eraman ahal izateko, azpiegitura bila talde asko gabiltza kurtso hasiera honetan. Hirian zehar leku asko daude , baina, dirudienez ez dira nahikoa. Urtea joan eta urtea etorri, antzeko egoeran ibiltzen gara talde mordo bat.
Zergatik daude zailtasunak leku egokiak aurkitzeko hirian zehar batek nahi duen jarduera hura aurrera emateko lasaitasunarekin?
Dantza taldeak, bertso eskolak, materiala gordetzeko lekuak, kirol talde desberdinak euren entrenamenduak egiteko, gaztetxeak… Herriek azpiegitura gehiago al dituzte hiriek baino? Zer diferentzia daude Donostia eta inguruko herrien artean?
Uste dut, hirian arazo handiagoak daudela azpiegitura egokiak aurkitzeko herrietan baino. Ez dakit zergatia, baina dudan esperientziak hori esatera narama.
Hirian azpiegitura kulturalak baino ugariagoak dira irabaziak izatera bideratutako elkarteak eta jarduerak. Turistifikazioa guztiaren helburu izateak ondorio ekonomizistak dakartza. Negozioa egitera bideratuta dago jarduera oro. Irabazi ekonomikoak nagusitzen dira, eta, azkenean, gutxi batzuen interesen defentsa bilakatzen dira.
«Gazteek zergatik dituzte hainbeste zailtasun eurentzako guneak aurkitzeko? Zergatik da hain zaila edo ezinezkoa gaztetxeak sortzea eta egonkortzea hirian?»
Gazteek zergatik dituzte hainbeste zailtasun eurentzako guneak aurkitzeko? Zergatik da hain zaila edo ezinezkoa gaztetxeak sortzea eta egonkortzea hirian? Zergatik betiereko borroka gazte talde eta administrazioaren artean? Horrela al da herri eta auzo guztietan? Donostiako Parte Zaharreko gazteen lokal baten alde egindako borrokaren historia egin beharko balitz, belaunaldiak hartu beharko lirateke kontuan.
Neure kasua aipatuko dut. Hamabost urtetik gora daramat, beste askok bezala, irabazi asmorik gabeko elkarte bateko kide izaten. Nire kasuan, dantza talde bateko kide izaten, Kaskarinak izena duen dantza taldekoa, hain zuzen ere. Ikasturtea hastear denean, ez dut jakiten astean behingo entseguak non egitea tokatuko zaidan, izan ere, urtero, honegatik edo horregatik, lekuz aldatzea tokatzen zaigu: Kresala kultur elkartean, Viktoria Eugenia eraikineko areto batean, San Telmo museoko gela batean, Bretxako eraikin berrituan, anbulatorio zaharrean, Orixe ikastolan… Aipatu ditudan leku horietan guztietan tokatu zaigu entseguak egitea azken urte hauetan. Iaz, Bretxan tokatu zitzaigun, baina aurten bertara joan nahi badugu, dirua ordaindu behar dugula esan digute udaletik.
Pentsatzen dugu, astean behingo entsegu horiek ez al duten merezi leku edo gune duin bat, elkartzen garen 60 lagun inguru biltzeko. Egiten duguna da proiekzio publikoa duen jarduera bat: kalean dantza, muxikoak, batez ere. Kalean: Bulebarrean, Plaza Berrian eta abar, maiztasunarekin, urtean zehar ospakizun anitzetan parte hartuz. Ez al dugu merezi astean behingo entseguetarako gune publiko bat?


