Emakumeak eta alarguntza pentsioak Gipuzkoan
Saldu nahi dizkiguten igoerak ez dira benetakoak emakume horietako askorentzat, alarguntza jasotzen dutenen gehiengoa emakumeak baitira. Haiek izango dira miseriazko pentsioak jasotzen jarraituko dutenak.
Alarguntza pentsioak 2018ko abenduan 43.859 ziren. %64ak LGS lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik daude, eta gehiengoa hilabete bukaerara heltzeko baliabiderik ez duten emakumeak dira.
Hedabideetan zenbait alderdi politikok bestela saltzen badigute ere, alargunek txiroak izaten jarraituko dute, eta horietako askok ez dute beren pentsioetan benetako igoerarik nabarituko. Gizarte-segurantzak minimoetara osatzen ditu pentsio horiek: 2019rako 677,40 eurora igoko dira 65 urte goitikoentzat, edo %65ko desgaitasuna dutenentzat.
Bestalde, eskatutako baldintzak betez gero, Eusko Jaurlaritzak ere alarguntza pentsioak osatzen ditu 732,38 eurotara DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren bidez, baina ez da esaten pentsiodun horietako askok ez duela hileroko gehikuntzarik izango. Pentsioa igo arren, ordainsari bera jasotzen jarraituko dute, izan ere, minimoetarako osagarriak zein DSBE diru sarrerak bermatzeko errentak bereganatu egiten baitituzte igoera horiek. Hau da, pentsioan gehitutako kopurua murriztu egingo dutela minimoetako osagarritik edo DSBEtik, beraz kopuru bera jasotzen jarraituko dute.
Diru sarreren gehikuntzarik izango ez duten pentsioak 20.000 mila inguru izango dira, % 45a, hain zuzen. Beraz, saldu nahi dizkiguten igoerak ez dira benetakoak emakume horietako askorentzat, alarguntza jasotzen dutenen gehiengoa emakumeak baitira. Haiek izango dira miseriazko pentsioak jasotzen jarraituko dutenak.
Pentsiodunok Nafarroako, Gasteizko zein Espainiako Estatuko gobernuei eskatzen diegu egin dezatela aberastasunaren banaketa bidezkoagoa, behar gehien duten pertsonei lagunduz, hala nola, pertsona helduei, alargunei, hilabete bukaerara heldu ezinean aurkitzen diren pentsiodunei eta neguan berogailua piztu ezinik daudenei. Lehentasuna aberastasunaren banaketa bidezkoak izan behar du eta ez, egiten ari diren bezala, dirudunei laguntzea, beraien aberastasunari ez dagokien zergak ezarriz, eta langileok zein pentsiodunok ez ditugun onura-fiskalak goza ditzaten ahalbidetuz.