Emakumeen Etxea: konpromiso feministen aurrean ispilu bat
Martxoaren 8a borrokan aritu diren eta ari diren emakumeei* aitortza egiteko unea da, besteak beste. Eta Donostian, ondo irudikatzen du Emakumeen Etxeak borroka hori. Hamarkada pasatxo darama Etxeak hirian erreferentziala izaten, paper garrantzitsua betetzen. Ehunka egitasmoren habia izan da, batzarrak, tailerrak, hitzaldiak eta eragile hainbaten eremu segurua. Greba orokor feministaren prozesua eta mobilizazio feministen antolaketak, autodefentsa feminista saioak, batukada, dantza, antzerkia, irakurketa… Urtez urte, erreferentzialtasuna irabazi du espazioak, eta erabilera handia du. Egitarauaz gain, aipatzekoak dira Etxean ematen diren zerbitzu desberdinak, izan indarkeria matxista pairatu duten emakumeei begirako atentzio psikologikoa eta juridikoa, tituluen homologaziora bideratuak edota entzute feministarako espazioa, tamalez, maiz, itxaron zerrenda luzearekin.
Ezin ahaztu Emakumeen Etxea 2010etik martxan dela, eta egun, 2025ean, behin-behineko gisa irudikatu zen kokalekuan jarraitzen duela. Txiki gelditu da Etxea, zaharra, irisgarritasun aldetik prekarioa eta espazio goxo gisa mantentzeko zailtasunekin dituen erabilera eta ezaugarriengatik. Honen aurrean, Emakumeen Etxeko kideek urteak daramatzate borrokan, alternatiba baten eskean, Etxeari duintasunez zerbitzua ematea eta errealitatera begira berrezaugarritzea posible egingo duen eraikin baten bila. Hori soilik ez, zerbitzua eta egitaraua duin mantendu ahal izateko aurrekontua ere eskatu dute maiz.
Donostiako Udalak Martxoaren 8ko kanpaina aurkeztu du, Emakumeen Etxearen ibilbidea eta ekarpena balioan jartzea helburu duen egitaraua eta kartelaz lagundua. Ezin izan nuen saihestu irribarre ironikoa. A ze paradoxa! Izan ere, udal gobernu bera da Emakumeen Etxea prekario mantentzen duena eta urtez urte aurrekontuetan jasotakoa betetzen ez duena. Eneko Goiaren udal gobernu hau da Emakumeen Etxearentzat onargarria eta egingarria izango den behin betiko kokalekua martxan jartzeko gai izan ez dena. 2023ko hauteskunde kanpainaren atarian adierazi zuen udal gobernuak Amara kalean, egingo dituzten etxebizitza libreen oinetan, Etxea kokatzeko promesa. Gaur arte. Legealdiaren ekuatorean, Etxeak zain segitzen du.
«Emakumeen Etxe berriak erreferentziala izango den eraikin bat behar du, eta horrek sormena eta determinazioa eskatzen ditu»
Emakumeen Etxe berriak erreferentziala izango den eraikin bat behar du, eta horrek sormena eta determinazioa eskatzen ditu. Leku estrategikoetan dauden espazio desberdinak balioetsi eta, zergatik ez, udal eraikinen berrantolaketa bat planteatu Emakumeen Etxeari tokia eginez. Eta bitartean, egungo zerbitzua duintzeko ekintzak.
Emakumeen Etxea, gure hirian, Donostian, oinarrizko zerbitzu gisa ulertzen dugu EH Bildutik, liburutegiak, eskolak edota anbulatorioak diren bezain beste. Ekipamenduen eta zerbitzu publikoen kalitatea administrazio batek bere herritarrak tratatzeko duen duintasunaren ispilua da, kudeatzen duenak bermatzen dituen eskubideekiko duen begirunearen neurria. Horrela ikusita, agian galdera da ea aurtengo kartelak Emakumeen Etxeari omenaldia egiten dion edo, aitzitik, ispiluan islatzen den irudia ezkutatzen saiatu nahi duen.
Emakumeen Etxe bizia, erreferentziala, anitza, kritikoa, emakume* guztioi irekia, kulturartekoa, borrokalaria, goxoa, zaindua, gaurkotua… hiriarentzat, baita udalarentzat ere, aliatu ezin hobea da, hiriari begirada feministaz so egiteko, hiriari ahots feministaz hitz egiteko, eta baita politika feministak burutzeko ere. Donostiar feministok behar dugu elkargune eta aliantza gune sendo bat, non begiratuko garen eta entzungo garen, topatuko garen eta aliatuko garen. Feministon etxe indartsua behar dugu, hiriko kaleetan eragingo duten estrategia feministak garatzeko gordeleku izango dena, hirian izaera propioa izango duen plaza eta eragilea. Etxe berriaren eskaria arantza bilakatu beharrean, bilakatu dadila ilusio sortzaile, feminista berriak erakarriko dituen bidea. Horretarako, baina, Emakumeen Etxeak promesak baino, proposamen egingarri eta erakargarriak jaso behar ditu, berandu baino lehen.
Gora Emakumeen Etxea! Gora Donostia Feminista!