Eman su zu horri
Zutabe hau irakurtzen ariko zaretenerako ekainari gutxi geratuko zaio aurretik; edo uztailari, asko. Etapa baten amaiera izango duzue batzuek, eta berri baten hasiera, besteek. Baina etorkizuna zalantza denez, 2019ari erdia joan zaiola pentsatzen dutenen artean sailkatuko dut, oraingoan, neure burua.
Sei hilabete igaro ditu 2019ak, eta iritsi zaigu urtearen balantzea egiteko garai aproposa. Urte hasierako asmoetatik, zenbat lortu ditugu? Zenbat lortzeko bidean ari gara? Zenbat izan dira zokoratuak? Helburu berriak ere sortuko ziren, beste batzuk baztertzearekin batera. Ariketa interesgarria litzateke hauek behatu eta egindako aldaketa horietan, garena eta ginenaren arteko aldeez jabetzeko. Sei hilabete pasatuagatik ere ez baikara lehen ginenak.
Hitzok hala esanda exageratuaren antza har diezadake inork, aldaketak ez baitira gugan beste batzuengan bezain agerikoak. Baina, etengabeko aldaketa bat gara; hartzen dugun erabaki bakoitzak baitakar harekin batera aldaketa. Eta guzti hori badakigun arren, zein zaila zaigun horren kontzientzia hartzea; eta zein zaila, askotan kontziente ez garela ohartzea.
Beldur puntua ere ematen du atzera begira jarri eta genituen asmoei erreparatzea; ginen horren begietan garena islatzen ikustea. Denboraren ajeak. Edo garaipenak. Hori eginda, ez dakit zuok, baina esango nuke gehiengoak lorpenak baino «porrotak» begitantzen ditugula lehendabizi egindako atzerabegiko bakoitzean. Lehendabizi ikusten ditugula lortu gabekoak, eta ondoren, lorpenak.
Horrek, txarretik gutxi badu ere, bada, gutxienez, esanguratsua. Baina esango nuke txikitatik datorkigun zerbait dela lortu gabeko horiek lehenago identifikatzearena. Horietan jarrarazi digute arreta txikitatik. Oroitzen ez baduzue, fijatu: Zerk izan du zuongan eragin handiagoa, zuzenketetako boligrafo gorriak edo berdeak? Zer gogoratzen dugu gehiago, matematikako «gutxi» hori, edo historiako «bikaina»? Ezinetan jarri dugu arreta txikitatik. Eta hala, lortu gabekoen zerrendatxo bat azkarrago egingo genuke lortutakoekin baino. Heziketa kontua. Edo jarrerarena.
Txip aldaketa egiteko asmotan, 2019 urte hasierako helburuei begira jarri eta sortu da kalanbrea. Lortu gabeko helburuez oroitu naiz lehenago. Eta horietan, Kalanbre hauetan esperientzia pertsonaletatik ez idazteko helburuarena utzi dut albora. Egia izango da Oier Guillanek Zauri bolodia liburuan aipatzen duena: «Intimo den guztia bilakatzen da, lehenago edo geroago, kanpora begira ere, jarrera».
Kalanbreotatik, eman su zu horri, eta indartu gaitezen sortutatako garretatik. Uda on guztioi!