‘En castellano, que no te entiendo’
Euskararen normalizazioaren kontrako epai baten inguruan elkartu dira gaur, berriro, euskaltzaleak Donostian» horrela hasten dira azken garaian eman izan ditugun elkarretaratzeen ondorengo albisteak. Uste dut guk ere normalizatu egin ditugula lerroburu horiek.
Azken epaiak, iraila erdialdean atera zenak, Donostiako mugikortasun agenteei euskarazko B2 maila (hau da, modu «sinple» batean komunikatzeko gaitasuna izatea) edukitzearen eskakizuna bertan behera utzi du. Horrek esan nahi du, gure hiritik paseoan zoazenean eta Erdialdeko edozein kale itxita ikusten duzunean, ezingo duzula zure hizkuntzan argibide bat jaso ulertzeko zer lasterketa, jaialdi edo dena delakoagatik ezin zaren hortik pasa. Orain dela urtebete, zehazki, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Donostian bi udaltzainetatik bakarrak euskaraz jakitea nahikoa zela ebatzi zuen. Horrek esan nahi du, berriro ere, hirian paseatzen ari zarenean, egoeraren bat salatu nahi baduzu eta kasualitatez bi udaltzain horietatik euskaraz dakiena okupatuta badago, gazteleraz laguntza eskatu beharko duzula. Agian, oso urduri egongo naiz, laguntza eske joan eta babesa sentitu nahiko dut, baina ez dut lortuko ez dudalako nire hizkuntzan laguntza hori jasoko. Edo agian, soilik, Euskal Herriko hizkuntza ofizialean artatua izan nahi dut nire eskubidea delako eta kito.
«Euskal Herriak hainbeste aldiz erakutsi duen indar hori euskalgintzara ere ekarri behar dugu, berandu izan baino lehen»
Uste dut herritarrengana iritsi behar garela, gainera datorkigun olatua denok geureganatu beharko genukeela, bakoitzak bere gogoeta egin beharko lukeela eta denok pentsatu beharko genukeela hemendik urte gutxira gure hiriko administrazio publikoko edozein langilek gazteleraz soilik egingo baligu nola sentituko ginatekeen. Eta, hortik, erantzun bateratu bat eman.
Oinarrizko adibideak dirudite, baina batzuetan hainbeste teknizismorekin oso erraza da galtzea eta ondorioz, buruari pare bat buelta ez ematea. Niri pasatzen zait, elkarretaratze bakoitzean esan behar dudan testua hartu, eta hitz asko hiztegian bilatu beharra, pentsatuz Zuzenbide ikasleek edo politikariek soilik ulertuko dituztela. Azkenean, epaiez epai barneratzen noa, eta nire inguruan arkitektura juridiko berri baten beharraren «speech-a» botatzen dut.
Erronka handia dugu eta Bageran aurrera eramateko prest gaude, donostiarrengana iritsiz, haserrea piztuz eta haserre hori indarrera eraldatuz, erantzun irmo bat eman ahal izateko. Euskal Herriak hainbeste aldiz erakutsi duen indar hori euskalgintzara ere ekarri behar dugu, berandu izan baino lehen. Eta bitarte horretan, Euskalgintzaren Kontseiluak landuriko hizkuntza eskakizunaren lege proposamen berriari ahalik eta babes gehien eman, gure herrian euskaraz bizitzeko hautua eginez.