Eneka Alvarez: 'Bota erronka Mikeli!'
Askotan egiten dugun moduan zerbait hartzeko gelditu gara lagunok. Beti bezala, Ainara iritsi da lehena eta ondoren, Miren eta biok. Txikitatik ezagutzen dugu elkar, gela berean ikasi genuen eta beti egiten dugu euskaraz, naturaltasunez. Eguneroko kontuez hizketan ari ginela, Mikel agertu da. Euskaraz dakien arren, inguru guztia erdalduntzeko gaitasuna du, eta bera agertze hutsarekin elkarrizketetako hizkuntza berehala aldatzen da.
Erdi tuntunak garela pentsatuko duzue, nola da posible pertsona batek inguru guztia erdalduntzea? Erantzuna argia da. Lau laguneko taldea gara: Ainara, Miren, Mikel eta ni neu, Eneka. Beraz, bi lagunek osatutako sei elkarrizketa talde sortu daitezke (Ainara-Miren, Ainara-Mikel, Ainara-Eneka, Miren-Mikel, Miren-Eneka, Mikel-Eneka). Bestalde, hiru laguneko lau talde (Ainara-Miren-Mikel, Ainara-Miren-Eneka, Ainara-Mikel-Eneka, Miren-Mikel-Eneka) eta azkenik, lauok elkarrekin osatutako talde bakarra. Aipaturiko aukera guztiak elkartuko bagenitu, hamaika hizketa-talde aterako litzaizkiguke. Mikelek gazteleraz egiten duenez, hamaika talde hauetatik zazpitan erdara nagusitzen da. Ez al duzu sinisten? Hartu boligrafoa eta goian idatzitako hizketa taldeak ezabatzen hasi. Ohartu zara, ezta? Mikelekin osatutako hizketaldi guztiak ezabatuta, erdia baino gehiago ezabatu ditugu.
Irudikatu, Mikelez gain, Ainarak ere gazteleraz egin ohi duela. Ikusten duzu ondorioa? Hizketaldi guztiak gazteleraz izango lirateke bat izan ezik. Ondorioz, hamar laguneko talde batean, erdaldun bakar batek elkarrizketen erdia erdaldunduko du.
Donostian euskaraz dakigun haur eta gazteok, 2 eta 29 urte artekook, %75etik gorako kopurua osatzen dugu. Gehienok lagun-taldeetan ibiltzeko ohitura dugu; beraz, ehuneko hori ikusita, pentsatzekoa da koadrila gehienek euskaraz jarduteko inongo arazorik ez luketela izan beharko. Hala ere, errealitatea oso ezberdina dela guztiok dakigu, guztiok dugu Mikel bezalako bat inguruan. Askotan Mikel ez da bere hizkuntza-portaeraz jabetzen, inguru erdaldunaren ondorioa da.
Gure gizartean eta, batez ere, gazteen artean, antolakuntza naturala kuadrilla denez, kuadrilla euskalduntzeak eta arnasgune bilakatzeak, egoeraren aldaketa sakona ekarriko luke. Horretarako, ezinbestekoa da ingurugiro erdalduna nagusia den tokietan, hizkuntzarekiko leial izateko konpromiso pertsonala mantentzea eta taldearen praktika kolektiboa euskaraz izatea.
Hau guztia ikusita, Donostiako kuadrilla guztietako Ainara eta Miren guztiek, gainontzeko Mikel guztiekin hitz egin behar lukete. Onartezina da kuadrillako baten hizkuntza-ohituren ondorioz ia hizketaldi guztiak erdalduntzea. Mikelekin hitz egin eta bota erronka Euskaraldian aho-bizi izateko Hala, Euskaraldian, eta baita hortik aurrera ere, hizkuntza-ohitura horiek aldatu eta kuadrillan ere euskaraz bizi ahal izateko.
Eneka Alvarez, Gazte mugimenduko kidea