Eneka Alvarez Loidi: 'Beste mundu hori'
Euskara diogu, euskarak mundu ikuskera oso bat ematen digula, “munduari begiratzeko modu bat”. Halaxe kantatzen du Mikel Urdangarinek. Euskaraz ari garenean, gure mundu horretara egiten dugu salto, “gure territorio libre bakarrera”. Bertan sentitzen gara euskaldunok gustura eta eroso, gu geu garena azaltzeko hitzak geure hizkuntzan soilik aurkitzen ditugu. Ezin dugu berdin adierazi sentitutakoa eta adierazten digutena ere, ezberdin sentitzen dugu, sakonago, gure barren-barrenean.
Ez dugu mezu bera berdin sentituko “gazte topaketak” edo “jornadas juveniles”, eta biak berdin ulertzen baditugu ere, gugan duten eragina ezberdina izango da, izan ere, jakin badakigu bi horien atzean topatuko duguna ez dela gauza bera izango inondik inora.
Euskaraz bizi nahi izateak mundu berrietara eramaten gaitu. Eramaten gaitu auzoetako euskara batzordeetara, eramaten gaitu Korrikan kilometroak egitera, finean, Euskal Herria hobeto ezagutzera. Beste herrietako gazteekin euskaraz aritzera, Euskal Herria jostera.
Gero eta globalizatuagoa dagoen mundu honetan, euskarak egiten gaitu berezi, euskarak egiten gaitu euskaldun. Gure aurreko belaunaldiekin lotzen gaitu eta etorkizunerako hazi berriak landatzeko ongarri da. Euskarak munduan bizi nahi du, kalean, plazan, gaztetxean, gugan…
Euskara bizi-eredu baten ardatza da. Gaur gaurkoz, euskara konpromisoa da, erabaki politikoa. Euskaraz errebeldeagoa naiz, euskaraz sistema honen arauak apurtzen ditut, hainbaten itxurakeria salatu… Euskara borroka da. Bizirauteko borroka, garena izateko bermea.
Baina euskara ez da hori bakarrik. Euskara musika da, eta literatura, harremanak dira, laguntasuna eta maitasuna. Euskara konplizitatea da, babesa, aliantza. Euskara emozioak dira, indarra ematen digu eta ematen dizkigu hunkidurak.
Euskalduntze bidean ari direnen emozioak ezin aipatu gabe utzi. Badira urte batzuk euskaltegian lanean hasi nintzela. Nire begiez ikusi dut lehen aldiz kafe bat euskaraz eskatzearen poza, eta bikotearekin euskaraz whatsappeatzeko lehen saiakeretako poza. Onartu behar dut buruko min ugari ere ikusi dudala. Zenbat eskertu behar dizuegun egiten duzuen ahalegina eta sarri zein gutxitan eskertzen dizuegun. Benetan diot, zuen borondatez, zuen denbora, ahalegina eta poltsikoko sosak euskararen mundura hurbiltzeko erabakiagatik, eskerrak bihotz-bihotzez. Benetan.
Merezi du ikastea, erabiltzea, erabakia hartzea, “klika” egitea. XXI.mendean, munduko hizkuntzen %90a desagertuko da. Ulertu beharra daukagu, guk euskara eraikitzeko, sentitzeko, borrokarako, harremantzeko eta gozatzeko behar dugun bezala, euskarak ere gu behar gaituela. Badugu garaia eta badugu kemena!