Enkontru batzuk
Arratsaldeko bostak inguru, Kursaala pasatu eta hamar bat pauso aurrerago, ezkerreko horman eserita. Jaka berria, eta ezagun zaizkidan begi zaharrak. Zutabea zeren inguruan josi pentsatzen nenbilela topatu dut. Ustekabeak eten dit deriba. Hortaz, gaurkoa, kaleko enkontru batzuez.
Duela hamar bat urte, institututik ateratzean gizon batek atzetik jarraitu ninduen. Lehenik, okindegira, eta gero, liburu dendara. Azken honen atean parez pare egin genuen topo. «¿De donde vienes, guapa?». «Del insti». «¿Cuántos años tienes? ¡No lo digas muy alto, que me meten en la cárcel!». Alde egin nuen, eta gizona hantxe geratu zen.
Geroztik, dozena erdi bat aldiz ikusi dut gutxienez, ia periodikoki. Beti espazio publikoan, hiriko kaleetan. Denonak diren horietan. Lasai paseatzeko, edo hankak zabal-zabalik esertzeko balio duten horietan. Gaur, Kursaal alboan.
Duela bost bat urte, hiru lagunek eraso matxista bat ikusi zuten. Gizon bat bere ligea jotzen ari zen. Emakumearengana bertaratu eta babesa eskaini zioten. Honek salaketa jarri eta lagunak epaiketara joan ziren lekuko gisa. Ate beretik sartu ziren emakumea, gizona eta lekukoak. Denen izen-abizenak esan zituzten ahozgoran. Epaitegiko zitazioan euren helbideak agertzen ziren. Kalte ordain kaskar batekin ebatzi zen dena. Emakumeak aldentze aginduaz galdetu zuen, baina ukatu zioten, hori aurretiaz eskatu behar zuela eta. Inork eman al zion horren berri? Ez, noski.
Denbora batera, lagunetako batek gaua lanean igaro ostean, taberna itxi zuen. Pertsiana jaitsi eta kalera begiratzean, han topatu zuen gizona. Ez zen beste inor inguruan. Lagunak amari deitu, gizonak ezagutu ez zezan begiak beheratu, eta alde egin zuen. Gizona hantxe geratu zen.
Behin aditu nuen kalea zapaltzen ez zuen emakume baten istorioa. Herrian bada etxetik ateratzen ez den emakume bat. Ez da etxetik ateratzen senar ohiarekin topo ez egiteko. Hura udaltzaina eta txikiteroa denez, kalez kale dabil beti, patruilan ala poteoan. Berak, etxetik ateratzen ez denez, lagunak gonbidatzen ditu. Hau kontatu zidanak gaztelerazko maruja hitzaren esanahia azaldu zidan. Leihotik begira, adi, kalean gertatzen denaz txutxu-mutxuka aritzen diren horiek dira maruja-k.
Pentsatu dut marujeo horren herentziak eman izan digula maiz babesik. Besotik helduta, albokoari «hortik hobe ez, goazen beste aldetik» esan; edo tabernan topa genezakeenaren balantzea egin, eta irteteko gonbitari «gaur, nahiago etxean» erantzun diogunean. Txutxu-mutxuak izan dira autodefentsa tresna, lagunari kalean dagoenaren berri emateko.
Judith Butlerrek, espazio publikoaz hitz egitean, azpimarratu ohi du honen performatibitatea. Hor kanpoan dagoena emana eta estatikoa ez dela argitu nahi du horrek. Kalea ez dago hor, ez dago geldi, zapaldu ahala eraikitzen dugu denok. Alabaina, ez gara denok berdin igarotzen espaloitik.
Enkontruak lipar bat irauten duten elkartzeak dira. Horietako batzuetan, bataren patxadaren eta bestearen ezinagoenaren arteko distantzia erraldoia kabitzen da.