Entzungor egiteaz
Komunikazioari hesiak jartzen jarraitzen dugu, hiritarrentzako jardueretan parte hartu ezin dezaketen gorrak baztertzen direla ahaztuz. Honakook, adibidez ez dira inoiz kontuan hartzen: keinuen hizkuntza menderatuko duen itzultzailearen beharra, argizko abisuak…». Jose Monteroren –AraransGi elkarteko presidentea— hitzak dira, duela 30 urte baino gehiago idatziak, hain zuzen ere, Irutxulo-n bertan.
Harrigarria eta negargarria –ez dakit bietatik zer duen gehiago– da hitz horien gaurkotasuna. Sinpleak bezain oinarrizkoak, baina neurri berean ahantziak diren eskaerak mahaigaineratu zituen: oinarrizko zerbitzuetan itzultzaileen beharra, espazioa eta informazioa egokitzea, kultur eskaintzen aukera zabaltzea… Egungo Kursaala oraindik irekitzeke zela, zera galdetu zuen: ea nola emango ziren suteen abisuak. Megafonia bidez soilik ala inori otu ote zitzaion argizko abisuen premia. Badira urte batzuk Moneoren kubo dotoreak zut direla itsasertzean. 30 urtek askotarako eman dute. Aitzitik, aldarrikapen horiei kasu egin zaien aldaketen zipitzik ez. Eta zer dioen horrek berrikuntza, izaera modernoa aldarrikatzen duen hiriaz. Zer dioen horrek «inklusioa» bolo-bolo darabilten udal eta hiritarrez.
Joseri ez ezik, haren seme Iñaki Monterori ere aditu diot hau: gorreria dela desgaitasun zinez ikusezin bat. Entzungor egin ohi baitio entzuleak gorrari eta halaxe egin hiriak ere komunitateari. Ez gara ohartzen, ez dakigu, ez zaigu axola edo, agian denak batera. Iñakik argi esan zidan behin: «gure hesi bakarra entzumenarena da. Ez baita informaziorik sartzen. Hesi hori txikiagoa litzateke, ordea, mundua beste modu batekoa balitz». Sute bat egotekotan, abisatzeko argizko seinalerik ez duen eraikinean, norbaitek abisuaren berri ez izatearen arrazoia zeini dagokio: ongi entzuten ez duenari ala ongi abisatu ez duenari? «Nire munduan isiltasuna dago, eta mundu txikia da, badakit. Baina, kontua da nire mundua ez dagoela zuenaren erdian, bazter batean baizik, aparte, ikusezin».
Hiztegiaren arabera, entzun nahi ez duenari deritzo «entzungor». Alegia, entzungor egiteak, indiferentziak eta axolagabekeriak badute zerbait haututik. Gorren errealitatea aintzat hartzen ez duen hiriak egin zezakeen, neurriren batean, beste modu batera. «Independentziarako eskubidea» aldarrikatzen du Iñakik. Eta hor azaleratu du arazoaren muinetako bat. Gorreriaren fokua belarrian jarri izan ohi da, hots, entzuten ez duelako esaten da pertsona bat ez dela gai. Nik neuk audifono bati esker entzuten dut ongi eta sentitu naiteke eroso eta independente entzule munduan. Audifonoak aldatu zidan belarria eta horrela aldatu bizia. Alabaina, entzuten ez duen belarria aldatzea ez da komunikazio-hesia txikitzeko modu bakarra.
Horren erakusgarri da, esaterako, Egia Zeinuka elkartearen jarduna. Beharretik hasi ziren lanean, auzoan haur gor batek hezkuntza bermatua ez zuela ohartu zirenean. Hainbat egitasmoren bidez, auzoa aldatzen dihardute, komunikazio-hesi horiek pixkanaka txikitu asmoz. Adibidez, keinu hizkuntza ikastaroak eskainiz, edota entzule eta gorren arteko topaketak antolatuz. Keinu-poteak dira horiek, irekiak bertaratu nahi duenarentzat, hurrengoa gaur, ostirala. «Egitasmo polita», entzun izan dute maiz. Eta, bai, ederra da, baina ez da ederra bakarrik. Idendeaf elkartearen kanpainako leloa Ikasi keinu hizkuntza, joder! da, azken hitz horretan eginez hanpadura. Behar diren aldaketak, politaz gain, premiazkoak direlako. Eta moteltasunak amorrua sortzen duelako.